Gure bazterrak

Ur-jauziaren jatorria, leizean

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2020ko ots. 2a, 06:00

San Migel Zaharraren leize-zuloan jaio da izen bereko ur-jauzi ederra; kilometro batzuk aurrerago, Burgos zeharkatu eta gero, Peñaladros ur-jauzian amiltzen dira kobaren urak, Añesen.

Iberiar Penintsula osoko ur-jauzirik luzeena –Nerbioikoa– bertan dagoelako nabarmentzen da Gorobel mendilerroaren ingurua, eta horregatik da hain zuzen ezaguna. Hutsean zintzilik dagoen balkoi bati esker, bisitariek amildegira begiratu dezakete, eta Bilbo aldera doan errekak irekitako kanoi bikainarekin liluratu. Alta, mendizerraren beste muturrean dauden eta ezezagunagoak diren ur-jauzia eta haitzuloa ezagutzeko proposamena dakargu.

San Migel Zaharraren kobazuloak ur-goraldian isurtzen dituen urek osatzen dute San Migel ur-jauzia. Haitzulo osoa Araban dago,  nahiz eta bertara iristeko biderik ohikoena Anguloko mendatetik abiatu, Burgostik.

 Egun euritsuen ostean edo urtze-aldian bakarrik goza daiteke Urieta mendiaren hegalean sortzen den 60 metroko ur-jauzia, eta adi ibili behar da San Migel Zaharreko kobara bisita egiteko, ezin baita egin leizearen akuiferoak urez beteta daudenean eta eguraldiaren iragarpenak txarrak direnean. Kasu horretan, sagu-zulo bihur daiteke koba, eta bertara sartzea oso arriskutsua da. Beraz, egun horietan komeni da ur-jauzia urrunetik ikustea, kobara sartu gabe. 

Anguloko portuan dagoen aparkalekuan utzi daiteke autoa. Metalezko hesi gorri bat zeharkatu behar dugu, eta bidearen bi aldeetan usoen ehiza-postu ugari aurkituko ditugu. Ibilbidea goranzko pista batean hasten da, eta beti gure ezkerretara izango dugun amildegiaren paretik eramango gaitu. Pinuen, pagoen eta lizarren artean igotzen da bidea, paraje ederrek lagunduta.

Aurrera jarraitu eta pixkanaka-pixkanaka ibaiaren ibilgu harritsura hurbilduko gara. Txirrista natural erraldoia da, eta bertatik jaisten dira haitzuloan jaio diren urak. Bide estuago batetik haitzuloaren aho handiraino iritsiko gara, eta bertara erraz sar daiteke, baina kontu handiz, harri hezeak oso irristakorrak baitira. 

Leize-zuloa galeria handi batez osatuta dago, eta alboetan koba txikiak ditu. Barrunbearen oztoporik handiena urpean dauden zonak eta hamabi metroko ur-jauzi bat dira; horretara baliabide artifizialekin igo behar da (neoprenoa, txalupa pneumatikoa...).

Esan bezala, ez da komeni euri-garaian edo eguraldi txarra dagoenean kobazuloa bisitatzea. 1999ko urtarrilean, mendizale batek bizia galdu zuen, barrunbearen barnealdeko ur-goraldi handi batek harrapatu eta ezin izan baitzen garaiz irten.

Otso-zuloa

San Migeleko otso-zuloa da inguruan aurkituko dugun beste ustekabe eder bat. Zoritxarrez, zonaldeko otso-zulorik garrantzitsuenetako bat den arren, oso hondatuta dago eta hondarrak bakarrik gordetzen dira. Otso-zuloak bi metro baino gehiagoko altuera duten bi pareta ditu, otsoa hiltzen zuten hobi batean elkartzen direnak.

Bertara iristeko, kobatik atera eta 150 metro atzera egin beharko dugu, hesi batera iritsi arte. Hesia igaro eta gero, ezkerretara joko dugu bidexka batetik, eta hamabost minutu gora egin ostean, pagadien artean, gainalde batera iritsiko gara. Eskuinaldean ikusiko ditugu otso-zuloaren aztarnak.

Bertatik, maldan behera, Angulo bailara gure eskuinera utziz, ordu erdi eskasean berriz egongo gara mendateko aparkalekuan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago