Delikako arroilan bide berde bat egokitzea onartu du Aldundiak

Erredakzioa 2019ko aza. 6a, 10:00
Delikako arroilan ibilbide berde bat egokituko du Aldundiak. PHOT.OK

Dagoeneko, mendizaleek erabiltzen duten ibilbidea egokituko du, Delikatik Nerbioiko-urjauzira.

Delikako arroilan ibilbide berde bat egokitzea onartu du aste honetan Arabako Aldundiak. Balgorza SA enpresari esleitu dio lanak egiteko kontratua, eta 199.427 euroko aurrekontua inbertituko du horretan. Guztira, ibilbideak 6,5 kilometroko luzera izango du, eta pertsona guztiek erabiltzeko modukoa izango da, 115 metro eskaseko malda du eta. Gainera, ibilbidearen erdia bizikletaz egin ahalko da.

Dagoeneko, mendizaleek erabiltzen duten ibilbidea egokituko du Aldundiak, hain zuzen Delikako Infierno tabernatik Nerbioiko ur-jauziaren behealderaino joaten dena. Lehenengo fase batean, sarbideak hobetu, eremu batzuen landaredia lehengoratu, sastrakak kendu, zorua egokitu, seinaleak jarri eta ibaia zeharkatzeko pasabide berezi batzuk jarriko ditu. 

Behatoki berri bat

Halaber, behatoki berria egokituko dute bisitariek ur jauziak elkarren segidan ikusteko. Era berean, atsedenerako eta aisiarako gune berri bat izango du Zalborondo harrizko zubiaren ondoan.

Ondorengo fase batean, 60 metro luze izango duen zubi tibetar handi bat eraikitzeko asmoa du Aldundiak; eta eraiki arte, ibaia zeharkatzeko pasabide berri bat eraikiko dute. Proiektu horretan, era berean, jasota dago ibilbide hori Urduñarekin lotzeko aukera, Tertangatik zein Artomañatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide