Euskal Herria beti izan da emigranteen lurraldea, bereziki XVIII. mendetik eta XX. mendera bitartean. Araban Aiaraldea, Bizkaian Enkarterriak eta Nafarroan Baztan bailarak dira "Amerikako abenturan" gehien inbertitu zuten lurraldeak. XVIII. mendetik aurrera, Amerikara joan ziren arabarren helburu nagusia familia laguntzea izan zen. Batzuek baino ez zuten lortu, eta horien artean oso gutxi aberastu ziren.
Halere, dirutza irabazi zutenen artean, badira Gaztelako Erresumaren noble tituluak jaso zituztenak. Horien artean ezagunenak dira Francisco Leandro de Viana, Tepako kondea, Lagranen jaiotakoa; edo Artziniegako Jose de Retes y Lartxaga, San Jorgeko markesa.
Beste hainbat arabar ere merkataritzan eta meatzaritzan jardun ziren, eta Ameriketako administrazioan botere handia eta kargu garrantzitsuak lortu zituzten. Gasteizko Egia familia, Aiarako Atxa sendia, Ladron de Gebara, Bitorika, eta beste abizen ezagunak daude boteredunen talde horretan.
Euskal Herrira itzuli zirenean, Amerikan dirutza egindako indianoek euren estatus berria islatzen zuten etxeak eraiki zituzten; eta Arabako eliza eta ermita gehienek ere jaso zituzten amerikanoen laguntza ekonomikoa.
Ikerketa
Juan Jose Benavides Martinezek Los alaveses en Nueva EspaÒa ikerketan jasotako datuen arabera, XVIII. mendean, 180 donazio egin zizkieten indiano arabarrek 53 herriri. Donazio horien %45 Aiaraldean jaso zuten, eta gainerakoak Lautada inguruko herrietan.
Ikerketa horretan ere jaso du Martinezek Araban, Aiaraldean, XVIII. mendean, egin zela donazio handiena: 1771. urtean egin zuen Juan de Ibarrola y Castañiza Mexikoko merkatariak, Okondoko Unzako Andre Mariaren parrokia eraikitzeko. Gainera, 4.600 peso bidali zituen, herrian maisu bat kontratatzeko.
Indianoen ibilbidea
Herrialdeko eliza, parrokia, jauregi eta eraikin publiko asko indianoen donazioei esker eraiki edo apaindu baldin bazituzten ere, arabar indianoen historia oharkabean igaro da. Amurrioko Udala da ondare hori nabarmentzeko eta herriko indianoen historia jasotzeko saiakera egin duen bakarrenetako bat. Hala, ibilbide bat antolatu du indianoen etxeak ezagutarazteko.
Ibilbide horretan daude Mexikora joandako Uribe anaiek eraiki zituzten Margarita Etxea eta Fe Etxea. Gainera, Argentinara emigratu zuten eta han La VizcaÌna burdinola gobernatu zuten Saratxaga anaiek eraiki zuten Tobalina Etxea dago. Añesko Jose Campo Menoyok, Kubatik itzulitako beste indiano batek, 1926an egin zuen eraikina ere bildu dute ibilbidera; eta, era berean, Mexikon jaiotako Esteban Isusik, 1933. urtean, Elexondo kalean eraiki zuen jauregia jasota dago. Gainera, Isusik parrokiako bataiotegiko kapera egiteko beharrezko dirua ere eman zuen.