Antzinarora begira, Artziniegan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ira. 13a, 12:00
Artziniegako azokak ospe handia du inguruan. AIARALDEA.EUS

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antolatu zen lehen antzinako azoka da Artziniegakoa; larunbat honetan 22. edizioa egingo dute. Herritarrak garaiko arroparekin jantziko dira eta egun osoko egitarauaz gozatuko dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Erdi Aroko usadioak gogoratzeko egiten den azokarik beteranoena da Artziniegako Antzinako Azoka, eta aurten 22. edizioa beteko du. Larunbat honetan, irailaren 14ean, artziniegarrek antzinako jantziak eta tradizioak berreskuratuko dituzte eta bisitari guztien bistan jarriko dituzte, herriko alde zaharrean. Artziniegakoak laguntzeko Nafarroatik etorritako hainbat artisau gonbidatu ditu Udalak.

Unai Gotxi Kultura zinegotziak azaldu duenez, antzinako azoka antolatzeko asmoa herriko Artea etnografia elkartearen eskutik etorri zen: "1998. urtera arte Arteak artisau azoka bat egiten zuen, baina urte horretan, Arabako kopatroia den Arteko Gure Amaren 500. urteurrena zela eta, antzinako azoka antolatu zuten, eta gaur egun arte iraun du". Herritarren inplikazio handiari esker lortu zuten azoka aurrera ateratzea. "Esate baterako, garaiko jantziak eta burukoak egiteko lana hartu zuten", azaldu du Gotxik.

"Artea elkarteak sortu zuen azoka, herritarren inplikazioari esker"

Pasa den urtetik, berriz, Nafarroako artisauek ere haien produktuak salgai jartzen dituzte Artziniegan, eta bide batez artziniegarrei azoka biribiltzen laguntzen diete. "Nafarroatik etortzen diren lagunak denak dira artisauak; eta horiekin batera artziniegarrek ere parte hartzen dute". Hala, adibidez, Artea elkarteko kide batek Euskal Herriko herri desberdinetan garaiko emakumeek eraman zituzten burukoak erakusten ditu, eta horien inguruko azalpenak eskaintzen ditu. Era berean, Pablo Respaldizaren  sutegia zabaltzen dute egun horretan, eta errementari batek antzinaroan bezala lantzen du burdina. Baserriko animaliak ere izango dira larunbateko azokan, eta aurten, nobedade bezala, dantza bertikal ikuskizuna egingo dute, Artziniegako dorretxean, 12:00etan eta 18:00etan. 

Hala, azoka 11:00etan irekiko dute, Alañaren adarren hotsarekin eta pregoiarekin, eta egun osoko egitaraua prestatu du Udalak, 21:00ak arte. Artisauekin batera, kale animazioa ere izango da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide