Kezka sortu du Laudioko hiltegiaren itxierak

Juanma Gallego 2019ko ira. 3a, 06:00

Laudioko hiltegia itxita dago abuztuaren hasieratik, eta ez dago argi noiz irekiko duten. / ALPHABET

Nerbioi ibaira egindako isuriak direla eta, herriko hiltegia ixtea agindu du Laudioko Udalak, baina erabakiaren kontra azaldu dira eskualdeko abeltzainak: azpiegitura berriro martxan jartzeko eskatu dute.

Abuztuaren hasieratik itxita dago Laudioko hiltegia, eta azpiegituraren etorkizuna zein izango den argitu gabe dago oraindik. Udalaren erabakia izan da hiltegiaren behin-behineko itxiera, eta erakundeak bi arrazoi eman ditu horretarako. Batetik, Nerbioi ibaira izandako odol isuriengatik URA agentziak errekerimendu bat helarazi diola; bestetik, Arabako Fiskaltzak ikerketa bat agindu duela, askotan errepikatu diren isuri horien atzean ingurumen delitua ote dagoen argitzeko.

Abereak hil eta gero haien odola ibaira isurtzen delako salaketa ugari egin dituzte ekologistek. Uztailean gertatu ziren azken isuriak, eta hainbat herritarrek ibaiaren egoeraren berri ematen zuten, sare sozialetan argazkiak eta mezuak zabalduz.

Uztailaren amaieran Ander Añibarro alkateak 140.000 euroko diru partida iragarri zuen hiltegian koagulazio sistema bat jartzeko, baina azkenean URAren eskaera eta Fiskaltzaren ikerketa direla eta, zerbitzua bertan behera uzteko agindua eman du EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuak. Ez dute argitu zenbat denboraz egongo den itxita, baina Añibarro alkateak esan du "behar den denboraz" egingo dutela.

Erabiltzaileen kexuak

"Aldebakarreko erabaki" horren kontra azaldu da EH Bildu. Diotenez, neurri horrek "ondorio larriak" izango ditu hiltegian lan egiten duten hamaika langilerengan eta euren familiengan, eta baita hiltegi horrekin lan egiten duten 350 baserritarri. Abereak hiltzeko Mirandara (Burgos) edota Zestoara (Gipuzkoa) jo beharko dutela dio alderdi abertzaleak.

Bestetik, beldur dira erabakia ez ote den izango zerbitzu publiko hori behin betiko ixteko edota horren kudeaketaren pribatizazioa eragiteko. Udal gobernuak, berriz, neurri "tenporala" dela berretsi du, eta hiltegia itxi ezean Udala isun handiak izateko zorian dagoela argudiatu du. Alkatetzan egon den zortzi urteetan EH Bilduk arazoari irtenbidea emateko lanik ez duela egin leporatu diote abuztuaren amaieran egin duten azken udalbatzan.

Joan den abuztuaren 26ko Udal Osoko Bilkuraren gai nagusia izan da, hain zuzen, hiltegiarena. Bertan EH Bilduk mozioa aurkeztu du, besteak beste, gaia jorratzeko lan-mahai bat eskatuz. Koalizio abertzalearen aburuz, URAk soilik isuriak etetea eskatu du, eta ez hiltegiaren itxiera. Hortaz, "borondatea egonez gero", sei astean hiltegia berriro martxan egoteko moduan izan daitekeela dio koalizio abertzaleak. Gainerako taldeek aurkeztutako mozio alternatiboa onartu da azkenean, EH Bilduren abstentzioarekin.

Udalbatzara ere bertaratu dira eskualdeko hainbat abeltzain, egoeraz kezkatuta. Laudio, Amurrio, Aiara, Orozko eta Zeberioko abeltzain elkarteek ere agiri batean hiltegia irekitzeko eskatu dute. Herriko jaietako baserritarren egunean ere, kuadrillako abeltzainek auto eta traktore karabana egin dute herriko erdigunean zehar, Ibaia bizirik, hiltegia zabalik lelopean.

Gastuak bidaietan

Aiaraldea.eus hedabideari azaldu dio bere kezka Iñaki Urkixo baserritarrak: "Behietan ari direnak normalean jarduera bakarreko baserriak dira, eta orain arriskuan daude, egoera zenbat eta gehiago luzatu ahala. Hilero-hilero joango dira baserriak ixten, oso baserri gutxik jasan ahal dutelako astean behin, bi astean behin edo hilabetean behin Zestoarako bidaia bat egitea". Zigor Gorostiaga EHNEko kidearen ustez, "egin behar den lehen gauza hiltegia zabaltzea da. Behin zabalik dagoela,  jesarriko gara edozein gauzari buruz hitz egiteko, bai ekonomiari buruz, egiteko moduari buruz edo kudeaketari buruz".

Gauzak horrela, Udalak dio bi txostenen emaitzen zain dagoela, Aiaraldea.eus-ek jaso duenez. Batetik, ingeniaritza enpresa bat txosten bat lantzen ari da isurketen inguruan zein aldaketa egin behar diren argitzeko. Bestetik, Osasun Sailak ere inbertsio batzuk eskatu behar omen ditu. Udal estrategiaren ardura duen Ander Larrinaga zinegotziaren hitzetan, behin bi txosten horiek eskutan izanda erabakiko dute zer egin. Hortaz, egoera bideratzeko denbora eskatu du zinegotziak.

Larrinagaren aburuz, odola biltzea ez da aterabide egokia. "Odol horiek Burgosera eraman behar dira tratatzeko, hondakin hauek ezin direlako edonon tratatu", azaldu du. Horrek kostu garrantzitsua duela gaineratu du. Aterabide hori "adabakitzat" jo du. "Hori egin dezakegu, baina hartu behar diren erabakiak iraunkorrak eta arduratsuak izan behar dira Laudioko herritar guztientzat".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago