"Kukutxeztularen aurrean, ume jaioberriek dute arrisku gehien"

Juanma Gallego 2019ko eka. 23a, 11:45
Bioteknologiaren alorrean ikertzen dabil Xabier Fernandez amurrioarra. / ALEA

Baionan izan den IkerGazte kongresuan parte hartu du Xabier Fernandez ikertzaile amurrioarrak, kukutxeztulari buruzko aurkezpen baten bitartez.

Kukutxeztula eragiten duen toxina bat ikertzen dabil Xabier Fernandez bioteknologoa (Amurrio, 1994) Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaitza gaur egun oso zabalduta ez badago ere, jaioberriek dute bereziki arrisku gehien, haien sistema immunitarioa guztiz garatu gabe dagoelako. Gaiari buruzko aurkezpena egin du Fernandezek, joan den maiatzaren amaieran Baionan egin duten IkerGazte kongresuan.

Nola izan zenuen IkerGazte kongresuan parte hartzeko aukera?

Egia esanda, eta aurtengoa hirugarren edizioa izan bada ere, ez nuen kongresua ezagutzen. Euskal Herriko Unibertsitatearen bitartez izan nuen horren berri. Baionan izanda, ikusi nuen garestia ateratzen zitzaidala kontua, baina nire laborategiko bi kidek animatu ninduten bertan parte hartzera. Han nire lanari buruzko aurkezpen labur bat egin nuen, eta ikerketa askori buruzko aurkezpenak entzun nituen. Oso kontu interesgarriak landu dira bertan, eta asko ikasi dut. Esaterako, aurkezpen batean erakutsi zuten nola erabiltzen ari diren adimen artifiziala Bachen partituretatik bertso melodiak erauzteko.

Nolakoa izan zen bertan topatu zenuen giroa?

Harrituta eta pozik itzuli naiz bertatik, egun horietan minutu bat ere ez nuelako erdaraz egin. Amurrion gure adineko guztiok euskara badakigu, baina segur aski ez dugu hitz egiten gustatuko litzaigukeen bezain beste. Garrantzitsuena da euskaraz egin dugula, euskaraz ikertzen dugula, eta hori egitea posible dela. Indar erakustaldi moduko bat izan da, adierazteko maila akademikoan ere euskarak balio duela edozein gairi buruz hitz egiteko.

Nola laburbil daiteke bertan aurkeztu duzun ikerketa?

Gure ikerketa taldean kukutxeztularen eragile den bakterio batek sortzen duen toxina zehatz bat ikertzen ari gara, maila molekularrean. Gaitzak arnas aparatua infektatzen du, eztul handiak eraginda. Lesioak eragin ditzake, baina gaur egun, gure artean bederen, ez da arriskutsua helduentzat. Gutxi badira ere, azken urteetan kasuak igotzen ari dira. Arazoaren muina da helduek hartzen dutela gaixotasuna, urteen poderioz txertoak emandako immunitatea galtzen delako. Helduentzat ez da hilgarria, baina gaitza oso kutsakorra da, airetik, eta ume jaio berriek hartzen badute, haientzat bai izan daiteke hilgarria. Esan bezala, kasu gutxi dira, baina heriotza bakarra egongo balitz ere, horri aurre egin behar zaio.

Nola sortzen da gaitza?

Bordetella pertussis izeneko bakterioak eragiten du. Horrek hainbat toxina jariatzen ditu, arnas sisteman bizi ahal izateko. Funtsean, bakterioak gorputza babesten duten immunitate zelulen aurka erabiltzen du toxina hori. Ez da bakterioak darabilen toxina bakarra, baina guri asko interesatzen zaigu, oso funtzio molekular bereziak dituelako. Bi bide erabiltzen ditu. Batetik, gai da zure zelula immunologikoak hiltzeko, pozoiketa moduko baten bidez. Bestetik, zelula horiek zulatzeko aukera du. Toxina batean bi gauza horiek aldi berean egotea ez da oso arrunta. Gainera, pozoiketa hori egiteko daukan metodoa ere nahiko berezia da, eta ez da guztiz ezaguna.

Gaixotasuna ikertzeaz gain, berezitasun horretatik ikerketa lerro berriak aterako al dira?

Hori da asmoa. Izan ere, gaixotasun bera ikertzea baino, guk prozesu konkretu hori ikertzen dugu. Gainera, gure ikerketa taldeak aztertzen duen toxina beharrezkoa da gaixotasuna sortzeko, baina ez guztiz: bakterioak baditu bestelako bideak gaitza eragiteko. Baina oso irakaspen onak atera daitezke prozesua aztertuta. Munduan hamar bat talde egongo dira agian mekanismo hori ikertzen. Adibidez, talde bat txerto bat garatzen saiatu zen, baina azkenean txerto horrek ez du funtzionatu. Haien estrategia izan zen arriskutsua zen toxinaren zatia kentzea eta beste gauza bat sartzea: konturatu ziren, bigarren elementu hori ere zelulara sartzen zela. Agian interesgarriena da antzeko proteina berriak aurkitzen badira, horiek nola funtzionatzen duten jakingo dugula.

Biologia molekularra eta biomedikuntzari buruzko masterraren proiektua egiten ari zara orain. Doktoretza egitera animatuko zara?

Bioteknologiako karreratik oso ikuspuntu orokor batekin ateratzen zara: adibidez, badakizu gene bat diseinatzen edota fluido batek nola funtzionatzen duen. Horregatik, nik ez nuke gaizki ikusiko masterraren edukiak karreran sartzea, bost urteko gradu batean. Lanbide honetan botika-industrian, bioteknologiaren alorreko enpresetan edota irakasle modura lan egin dezakezu. Baina, ikertzen jarraitu nahi baduzu, ezinbestean doktoretza egin behar duzu. Arazoa da oso laguntza gutxi daudela hori egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bederen, doktoretza egiteko bekak eta laguntzak oso eskasak dira. Adibidez, Espainiako gobernuak ematen dituen beketara zure burua aurkeztu nahi baduzu, batez bestean zortzi baino goragoko nota izan behar duzu. Hori izena emateko soilik! Oso beka gutxi dira, eta zaila da horiek eskuratzea. Espediente ona izan behar duzu, eta zure ikerketa taldeak proiektu ona eta aurrera egiteko dirua izan behar du; ikerketaren bat argitaratu izana, ingelesa... eta gero kontuan izan behar duzu, beka lortuz gero, 900-1000 euroko diru-laguntza izango duzula hilean, hiruzpalau urtez. Behin bukatuta, doktorea izango zara, bai, baina horrek, berez, ez du ezer esan nahi.

Baina agerikoa da gogoa duzula jarraitzeko. Ez da horrela?

Ikerketaren mundua gogorra da, baina hor dabilen jendeak grina handia du. EHUko gure ikerketa zentrora hurbiltzen bazara konturatuko zara hor dagoen jendea benetan nahi duelako dagoela han. Nik, momentuz, beka eskatuko dut, eta, ematen badidate, ikertzen jarraituko dut, agian beste ikerketa lerro batean: familia hiperkolesterolemia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide