Armentia ikastolak Amurrioko Aresketa ikastolari eman dio lekukoa. Hurrengo urtean Aiaraldean ospatuko da Ikastolen Federazioaren jaia.
Aresketa Ikastolako lehendakari Eneko Aldaik datorren urteko jaiari begira aurreratu du helburua izango dela eskualdean euskara bultzatzea, "festa inklusibo baten bidez”. Ikasleen eta Aiaraldeko zein Euskal Herriko sortzaileen arteko elkarlana sustatu nahi dute horretarako. “Gazteak gonbidatu nahi ditugu euskaraz gozatu, sortu eta komunikatzera”. Gauzak hala, euskararen alde lanean dabiltzan Aiaraldeko eragile eta talde guztiei luzatu diete ekimenean parte hartzeko gonbita.
Lau aldiz ospatu da ikastolen aldeko jai hori Amurrion. 1986. urtean izan zen lehen aldia, 1996an bigarrena, 2005ean hirugarrena eta 2013an, aldiz, azkena. Laudion ere hainbat aldiz ospatu da festa: 1983. urtean, 1993an, 2000an eta 2011n. Leloa oraindik ez dute aurkeztu, baina ekainaren 14an izango da festa.