350 milioi euroko zorra kitatzeko akordioa lortu du Tubos Reunidosek

Erredakzioa 2019ko eka. 12a, 12:19

Tubos Reunidos erreskatatzeko urratsak eman dituzte bankuek.

Banku hartzekodunekin akordioa erdietsi du Amurrioko enpresak; bitartean bertan behera utzi dute kotizazioa burtsan.

Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak "kautelaz" erabaki du bertan behera uztea Tubos Reunidos Amurrioko enpresaren kotizazioa burtsan, "enpresari eragiten dion informazio garrantzitsu bat zabaltzen duten bitartean". Burtsa zabaldu aurretik bertan behera utzi dute kotizazioa; hainbat hedabidek zabaldu dutenez, bankuek konpainia erreskatatzeko asmoa dute, eta akordioa erdietsi dute jada 350 milioi euroko zorrari aurre egiteko.

Antza, erreskaterako akordioan sartuko lirateke BBVA, Santander, Kutxabank, Sabadell, CaixaBank, Caja Rural de Navarra, Bankoa, Bankinter eta Instituto de Credito Oficial finantza erakundeak, eta hurrengo bi asteetan sinatuko dira berregituraketarako baldintzak. Hala, zabaldutako informazioaren arabera, 200 eta 250 milioi euro arteko zorra finantzatuko lituzkete bankuek, eta Amurrioko enpresak ordaindu ezingo dituen 100 eta 150 milioi euro arteko kopurua sei hilabetean behin berrikusiko dira, eta horren jabe direnak izango lirateke Tubos Reunidosen lehen akzioduna.

Modu horretan, Amurrioko enpresa ez ordaintze egoeratik aterako da, eta epe ertainera bere etorkizuna bermatuko luke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago