Bertako biztanleak baserrietan sakabanaturik bizi dira. Baratza, laboreak, ganadua eta baso-ustiapen txikiak dira herriko ondare ekonomiko nagusiak, baina biztanle askok ere Laudioko eta Amurrioko industrian eta zerbitzuetan lan egiten dute. 332 hektarea herri-lur ditu Llantenok eta gehienak baso ustiapenera zuzendurik daude.
Llantenoko bailaratik iragaten da Ibalzibar ibaia, eta paraleloan doa A-3634 errepidea. Herriko mendirik garrantzitsuena Idubaltza da, 691 metro dituena.
Ondare arkitektonikoari dagokionez, gainerako Aiaraldeko beste herri txikietan bezala, dorretxe ederrak gordetzen ditu Llantenok. Kasu honetan, bi dorretxe nagusi daude herrian, Uretakoa eta Zubietekoa; halaber, monumentu bezala katalogatuta dago La Mota auzoko Indianoaren Etxea. Uretako dorretxea XV. edo XVI. mendekoa da, eta bi sarrera ditu fatxada nagusian erdi-puntuko arkuekin. Gaur egun baserri bat da. Ondo gorde da, berriz, Zubieteko dorretxea. 2011. urtean Ondare Babesa enpresak indusketa arkeologikoa egin zuen han.
Lan horietan berretsi zuten XV. mendean Fortun Murgak eraiki zuen jatorrizko dorrea dela, nahiz eta XVII. mendean eraberritze handia egin zuten; besteak beste, harrizko eskailera bat eraiki zuten barruan. Dena den, babes-egitura mantendu du dorreak.
Gordetzen duen ondareaz gainera, eskualdeko erreferentzia artistikoetako bat izateko bokazioarekin sortutako Arte Eskola dute Llantenon. Honetan zeramika, marrazketa, egur taila eta pintura tailerrak eskaintzen dituzte. Arte Eskola, baina, inguruko herritarren topagune ere bada, eta urtean zehar hainbat hitzaldi eta jarduera programatzen dituzte bertan.
1969. urtean itxi zuten gaur Arte Eskola okupatzen duen herriko eskolen eraikina, eta Artziniegara eraman zituzten umeak. Gero, 1986. urtean, herriko kultura elkarteen topaleku bilakatu zen XIX. mendearen hasieran eraikitako eskola neoklasiko zaharra.
Fitxa:
Kuadrilla: Aiaraldea.
Udalerria: Aiara.
Biztanleak: 101 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Arabako kanposanturik ederrenen artean dago Llantenokoa; Murga familiaren mausoleo neogotikoa nabarmentzen da.