Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak martxoaren amaieran aurkeztu zuen Ez we can't kanpaina, eta alderdi politikoen aldetik izandako erantzunaren inguruko oso balorazio positiboa egin du. "Orain arteko hauteskundeetan ez bezala, euskara agenda politikoan sartu da, alderdien ahotan eta aztergaien artean egon da; eta are garrantzitsuena dena, talde bakoitzak hizkuntza-eskubideak errespetatu daitezen eta euskara normalizatzeko bidean urrats eraginkorrak emateko gogoeta egin du Kontseiluarekin batera".
Dinamika honen helburua eskualdeko udal-hauteskundeetara aurkezten diren alderdi eta plataforma politikoei euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespetatu eta euskara Aiaraldean biziberritzeko konpromiso eraginkorrak eskatzea izan da. Horretarako, indarrean dauden lege eta dekretuek agintzen dutenari jarraiki, hamaika konpromiso hartu eta euren hauteskunde programetan jasotzeko eskaintza luzatu zien Kontseiluak alderdi guztiei. Eskualdean hauteskundeetara aurkeztu diren 45 hautagaitza ofizialetatik 31rekin izan ditu Kontseiluak hartu-emanak.
Sarauben egin dute agerraldia
Ekimenarekin bat egin duten talde politikoekin agerraldia egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, Sarauben. Horretan eman dute hartutako konpromisoaren berri, eta horiek errealitate bihurtu daitezen elkarlanean jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu dute. Lau urteko epean alderdi politikoekin udalez-udal lanean jarraitzeko asmoa du Kontseiluak.
Gainera, uste dute borondate politiko argia dagoela hartutako konpromisoak betetzeko. "Kontseiluak balioan jarri nahi du orain alderdiek agertutako borondate politikoa. Borondate politikoa da, eta izango da datozen lau urteetan ere, aurrera egiteko gako garrantzitsuena eta hori azpimarratu nahi dugu".