Orain baino bisitari gehiago erakartzeko bi egitasmo daude Nerbioiko ur-jauziaren gainean. Arabako Foru Aldundiak 6,5 kilometroko ibilbide berdea egokituko du, Delika herria eta Nerbioiko ur-jauzia lotzeko, eta gainera, behatoki berri bat eta egurrezko zubi tibetar bat eraikiko ditu. Gaztela eta Leongo Junta ere Monte Santiagoko begiratokia ordezkatzeko proiektua aztertzen ari da, turista gehiago jasotzeko amoz.
Juntaren zifra ofizialen arabera, urtero, 20.000tik gora pertsona sartzen dira Nerbioiko ur-jauzia bisitatzera Monte Santiago parketik, eta 100.000 auto inguru jasotzen dituzte egokitutako aparkalekuetan.
200.000 euroko aurrekontua
Nerbioiko ur-jauzia Araba eta Burgos artean dago, eta Amurriori dagokio, baina Nerbioiko Begiratokira daramaten bide gehienak Burgosen daude, Santiago Mendiko Monumentu Naturalaren barnean. Proiektu berriarekin, Arabako Aldundiak begiratoki propioa eraiki nahi du lurraldean, eta egun Delikatik ibaiaren bidea jarraitzen duen bidea egokitu nahi du, ur-jauzira behealdetik iristeko. "Lehenengo fase batean, Aldundiak ibilbidea egokituko du, eta, horretarako, lehendik dauden bideetan sarbideak hobetu, eremu batzuen landaredia lehengoratu, sastrakak kendu, zorua egokitu, seinaleak jarri eta ibaia zeharkatzeko pasabide berezi batzuk jarriko ditu".
Halaber, Zabarondo harrizko zubiaren inguruan atseden-gune bat egingo dute, eta ibaia zeharkatzeko 60 metro luze izango den zubi tibetar handi bat eraikiko da. Ibilbide hori Urduñarekin lotzeko aukera ere aurreikusi dute, Tertangatik zein Artomañatik.
Proiektuak 202.505 euroko inbertsioa eskatuko du, eta horren %50 Europako funtsen bitartez finantzatuko dute.
Beiraz hornitutako begiratokia
Halaber, Gaztela eta Leongo Juntak, bere aldetik, 2017. urtean iragarri zuen Nerbioiko ur-jauziaren begiratoki ezaguna ordezkatuko zuela, eta beiraz hornitutako begiratoki zintzilikatu handi bat jarriko zuela bertan, naturan azpiegitura turistikoak kokatzeko programaren barruan. Gaztela eta Leongo erakundeak egun dagoen begiratokiaren egoera txarra argudiatu zuen, eta "egitura deigarriagoa" eraikitzeko beharra nabarmendu zuen, "betiere irisgarritasuna bermatuz eta begiratoki berriaren diseinuak paisaiarekin bat egitea zainduz".
Obrak 2019an urtean martxan jartzeko asmoa agertu zuen Gaztela eta Leongo Juntak, baina oraindik proiektua aztertzen ari dira eta lurraren jabe diren inguruko udalerrirekin egitasmoa adosteko prozesua irekita dago. Gainera, plataforma berria amildegian barruratzen den metroen arabera, Arrastariako bailaran sartuko litzateke, eta horrenbestez Amurrioko Udalaren baimena beharko luke Gaztela eta Leongo Juntak, eta hasiera batean bederen ez zuten begi onez ikusi.