Espainiako Ministro Kontseiluak hiru hamarkada behar izan ditu Goi Nerbioiko saneamenduaren obra lizitatzeko. Iragan ostiralean, kolektore sarearen eskaintza egitea onartu zuten ministroen batzarrean, eta ondorioz, Goi Nerbioiko araztegiak eraikitzeko lanak lizitatu ahalko dira. 2023. urtean sistema osoa martxan egotea espero dute.
Hodi-biltzaileak egiteko 33,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du Madrilgo Gobernuak; halaber, beste 31 milioi euro inbertituko ditu bi araztegi eraikitzeko. Markijanakoan Amurrioko eta Aiarako hondakin-urak jasoko dira eta Basaurbeko araztegi berrira bideratuko dituzte Laudioko eta Orozkoko urak. Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro bideratuko ditu saneamenduaren obrak egiteko beharrezkoak diren desjabetzeak egiteko.
Laudio eta Amurrio dira lurraldean hondakin-urak tratatzeko kolektore sarerik eta araztegirik ez duten herri nagusiak.
Goi Nerbioiko saneamenduaren obra Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean eskumenak transferitzeko akordioetan jasota dago, eta 1994an sinatu zuen Madrilek Aiaraldeko hainbat herritako araztegiak eta hodi-biltzaileak eraikitzeko konpromisoa. Ibaien egoera ekologikoa hobetzeko zenbait azpiegitura hidrauliko burutzea aurreikusten zuen akordioak, beste batzuen artean, Goi Nerbioikoak. 2000. urtean obra bukatuta egotea adostu zuten. Alta, desadostasunak medio, azkenean obra atzeratu zen.
Isurketak Nerbioi ibaian
Herrietako urak biltzeko azpiegitura faltak arazo ekologiko larriak ekarri ditu, batik bat Nerbioi ibaian. Uraren Euskal Agentzia URAk adierazi duenez, Nerbioik aldian-aldian kontrolatu gabeko isurketak jasaten ditu. "Saneamenduaren kudeaketa eskasa ondo islatzen dute datuek; jasota ditugun 191 isurketatik 159 herrietatik datoz eta 32 industriatik". Isurketa horiengatik, gainera, azken urtean, Europako Batasunak zigor-espedientea ireki du Espainiako Gobernuaren kontra.
Saneamenduaren azpiegituraren inguruan, URAk dei egin die ere eskualdeko udalei zein administrazio-batzarrei hondakin-urak azpiegitura berrietara lotzeko beharrezko lanak egitera, eta isurketak kontrolatzeko eta murrizteko neurriak hartzera. "Azken urtean, Amurriorekin zein Laudiorekin izandako elkarrizketetan aurrerapausoak eman dira saneamenduaren kudeaketan, adibidez, sarera ematen diren isurketen kontrolerako ordenantzaren bitartez". Hala ere, URAk uste du isurketen kontrola hobetzeko beharra hor jarraitzen duela, eta udalek saneamendu tasa kobratu beharko dutela.
"Azpiegiturak eraikitzea ezinbestekoa da, bai; baina ez da nahikoa Goi Nerbioi inguruko egoera txarrari betiko irtenbide bat emateko. Premiazkoa da eskualdean saneamendu zerbitzua eskaintzeko eran goitik beherako aldaketa sustatzea, zerbitzu integrala eskaintzeko ahalmen tekniko eta ekonomiko nahikoa izango duen erakunde batetik gidatuta".