Aiaran erretako baserriaren familia laguntzeko arropa bilketa antolatu dute

Erredakzioa 2019ko mar. 27a, 13:29
Sutea teilatuan hasi da, 02:00ak inguru. AIARALDEA.EUS

Etxaurren Ikastolak, Guraso Elkarteak eta Aiarako Udalak bilketa antolatu dute Madariako familiarentzat arropa lortzeko.

Bart goizaldean sutea egon da Madaria herrian, Aiara udalerrian. Baserri bat kiskali da, eta bost laguneko familia bat kanpora atera behar izan dute suhiltzaileek: bi haur eta hiru heldu. Alabaina, ez da zauritu larririk egon, baina baserria erabat hondatu du suteak.

Gentza Alamillo alkatearen esanetan, Aiarako Udala familiarekin elkartu da etxebizitza berreskuratu bitartean soluzioa topatzeko. Halaber, konponbidea bilatzen den bitartean, Etxaurren Ikastolako kideek, Guraso Elkartearekin eta Aiarako Udalarekin batera oharra plazaratu dute, familia laguntzeko deia eginez. Hala, arropa, eta oinarrikoz etxeko tresnak biltzen hasiko dira.

Hiru bilketa puntu jarri dituzte: Etxaurren ikastola, Aiarako udaletxea eta Luiaondoko zentro soziala. Familiarentzat lagungarri izan daitezkeen ohe jantziak (izarak eta mantak), eskuoihalak, umeentzako arropa: 14 edo S taila batetik, eta 8 urteko haurren arropa bestetik, umeen oinetakoak: 33 eta 39 zenbakiak, sukaldeko tresnak, jostailuak eta garbiketa pertsonalerako produktuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide