Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak maiatzeko hauteskundeen harira prestatutako kanpaina aurkeztu du. Euskara udal-hauteskunde kanpainan sartu eta Aiaraldeko instituzioetan hizkuntza-eskubideak errespetatzeko aldarrikapena agenda politikoan sartzea izango dira egitasmoaren helburuak. #EzWeCant traola baliatuko dute kanpainari zabalkundea emateko, eta euskarri ikusgarriak kaleratu dituzte leloarekin batera.
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua 2016. urtean jaio zen, euskararen normalizazioaren alde egin nahi zuten eskualdeko entitateen bilgune bezala (Laudio, Amurrio, Aiara, Okondo, Aiara, Urduña, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo udalerriek osatzen duten eskualdean). Bilgune honetan eskualde osoko eta esparru ezberdineko 42 entitate dira kide; arlo sozioekonomikoko eragileak, ikastetxeak, kultur taldeak, kirol mundukoak... Hizkuntzaren normalizazioan ekarpen aktibo bat egin nahi duten entitateen bilgunea da beraz.
Pasa den ostiralean aurkeztu du kanpaina Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Azaldu dutenez, udal-hauteskundeetara hautagaitzak eta hauteskunde-programak aurkeztuko dituzten alderdi guztiekin jarri dira harremanetan. Hiru eskaera nagusi egin dizkie Kontseiluak Aiaraldea osatzen duten bederatzi udalerrietan udal-hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoei: hautagaiak euskaradunak izatea edo legealdian euskara ikasteko konpromisoa hartzea, hauteskunde-kanpaina euskaraz ere garatzea eta programa politikoetan hamaika neurri zehatz hartzea, euskararen normalizaziora begira.
Sinadura bilketa
Horrez gain, sinadura bilketa abiatu dute, hizkuntza eskubideen urraketa salatu eta alderdiak arestian aipatutako konpromisoak hartzera bultzatzeko. #EzWeCant traola baliatuko dute kanpainari zabalkundea emateko.