Artziniegako Museo Etnografikoak zabalik jarrai dezan kontzentrazioa deitu dute herritarrek urtarrilaren 18rako, ostiralerako, 19:00etan, udaletxearen aurrean. Asanblada deitu zuen astelehenean Otsati elkarteak kezka handia sortu duen museoaren itxierari buruz hitz egiteko. Bilkuran erabaki zuten mobilizazioa deitzea. "Arazoa ikusarazteko eta museoa zabalik nahi dugula adierazteko, orain arte bezala, herriko bizitza dinamizatzen eta aberasten jarraitzea nahi dugu; museoa hiltzen bada herria hiltzen da".
Bitartean, Artziniegako Museo Etnografikoa kudeatzen duen Artea elkarteak ekimen bat aurkeztu du Udalak lehenbailehen sartu dezan aurrekontuetan jasota dagoen 29.000 euroko diru partida. Hala, museoan lan egiten duten lau lagunen kontratuak mantendu ahal izango dituzte. Artea elkarteak azaldu duenez, "diru partida horrekin museoa berriro irekitzeko aukera izango genuke, gutxienez apirilera arte, eta gaurtik aurrera normaltasunez funtzionatuko zuen".
Halaber, elkarteak eskatu du EH Bilduk eta PPk museorako adostu duten diru-partida dokumentu batean bermatzea. Izan ere, Artziniegako PPk eta EH Bilduk iragarri dute mozio bateratua aurkeztuko dutela hurrengo udal osoko bilkuran. "Etorkizunera begira gainontzeko finantzazio iturriak eta kudeaketa eredu egokiena bilatzen jarraitzeaz aparte, adostu dugu Artziniegako Museo Etnografikoak irekita egon behar duela", azaldu dute Joseba Elejalde eta Joseba Vivanco zinegotziek. Hori dela eta, emendakin bateratua proposatu dute aurtengo udal aurrekontuan txertatzeko; 78.000 euroko kopurua, hain zuzen ere.
Adostasunik ez
Urte berriarekin batera itxi zuten Artziniegako museo etnografikoa, "finantziazio faltagatik". Egoerari irtenbidea emateko asmoz, bilera eta negoziazio asko egin dituzte azken urtean Udalaren, oposizioko alderdi politikoen eta Artea elkarteko kideen artean, baina ez dute akordiorik lortu.
Pasa den asteko bileraren ostean, Artziniegako alkate IÒigo Gomezek nabarmendu du Udalak ezin duela Artea elkarteak eskatzen duena egin, elkarte pribatua delako, eta "ezin duelako berme-emaile gisa jardun". Gaineratu du honako proposamena jarri dutela mahai gainean: 13.000 euro bideratzea museoaren mantenurako eta beste 70.000 bertako jardueraren finantzaketarako. Horrez gain, tokiko erakundeak 6.000 euroko diru-laguntza emango lioke etnografia elkarteari.
Alta, elkarteak dio Udalak ez duela museoa finantzatzeko ardura bere gain hartu nahi. Eta hori da, hain zuzen, Arteako kideek eskatzen dutena, museoaren gastuak euren gain hartu ezin dituztela iritzita.