Iraganaren lekuko dira garaiko Errege Bidea kontrolatzeko jauntxoek eraiki zituzten hiru dorre: Zubiate, Ziorraga eta Jauregia. Gordetzen den bakarra Jauregia dorrea da, egun erortzeko arriskuan baldin badago ere. Ugarte familia boteretsuaren bizitokia izan zen, XVIII. mendean, eta ondoren Lekanda eta Arriaga familien etxea bilakatu zen. Ondoan, burdinola garrantzitsu bat zegoen, Altube eta Berganza ibaien artean, eta hainbat irin-errota herrian.
Aipatzekoak dira, bestalde, Baranbioko auzoetan aurkitu daitezkeen baserri ikusgarriak: Jauregia dorrearen ondoan, esate baterako, El Torre izeneko baserria dago; Astobiza auzoan, berriz, Egiluz eta Miguel Anton baserriak; eta San Anton auzoan, Txape eta Lazkano-Zahar baserriak. Dena dela, Baranbioko baserri interesgarrienak Zandikualde auzoko Marabiaga eta ikertzaile askoren interesa piztu duen Presabarri etxeak dira.
Arkitekturaren gordeleku izateaz gainera, Baranbio ezaguna da, baita ere, ehunka urtetako tradizioen eta kondairen babeslekua delako.
Hala, urtero, Pospoloaren enkantea izeneko ohitura ospatzen dute herritarrek San Anton jaiaren bueltan. Pospolo baten argipean txerriaren okelagatik eta ardoagatik euren eskaintzak egiten dituzte, San Anton baselizan. Enkanteak 300 urteko historia du dagoeneko.
Kondairen atalean bada lamien inguruko bat ere, nola bestela. Berganza auzoan, Lamien Koba izeneko bat dago, eta herritarren esanetan hiru lamia bizi dira bertan. Beste kondaira batean jasotzen dutenez, aspaldi, Zuiako eta Baranbioko herritarren eta artzainen artean mugarriak zirela eta ez zirela sortzen ziren liskar eta eztabaidak konpontzeko, oilarrak eta korrikalariak jarri zituzten lehiatzen. Konponbidearen protagonisten inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, onena litzateke Zuiara edo Baranbiora gerturatzea.
Fitxa:
Kuadrilla: Aiaraldea.
Udalerria: Amurrio.
Biztanleak: 136 (2017ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Jose Tomas Uruñuela konpositorea eta dantza irakaslea Baranbion bizi izan zen hamar urtez; plaka batek gogoratzen du.