Alavesek esne-mamitan jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2018ko urr. 22a, 10:55
Galiziarrek baloia behar bezala haien zelaitik ateratzeko ahaleginak eta bi egin behar izaten zituzten. / ALAVES

Celtari 0-1 irabazi zion, eta Lehen Mailako liderra izan zen.

Talde lana eginez garaipen oso baliotsua lortu zuen Vigon. Festak ez dauka etenik eta Alaves puntuak pilatzen ari da. Sailkapenaren goialdean da, eta denboraldiaren hasieran jarritako helburua gero eta hurbilago dago. Izan ere, mailari eusteko behar izaten den kopuruaren ia erdia lortu du jokaturiko bederatzi partidetan.

Ez dago inongo zalantzarik, taldeak baditu nortasuna eta joko-sistema, eta baita konfiantza izugarria ere. Jokalari guztiek bat egiten dute, eta gauzak oso argi dituzte. Horren ondorioz, futbol zelaian oso talde sendoa agertzen zaigu. Atzealdean ia-ia ez du zirrikiturik uzten. Gainera, aurkariak arriskua sortzen duenean, atepean beti hor dago Pacheco. Atezainak bi geldiketa bikain egin zituen. Defentsa lanetan talde osoa aritzen da.

Partidaren hasieran, goian estutu zuen Celta. Galiziarrek baloia behar bezala haien zelaitik ateratzeko ahaleginak eta bi egin behar izaten zituzten. Calleri aurrelariak presio izugarria egiten zuen. Argentinarrak lehendabiziko minutuetan pare bat aukera izan zuen. Talde galiziarrak ez zuen asmatzen, eta urduri jarri zen. Jokoaren ekimena eramaten zuen, baina eraso guztiak ezerezean gelditzen ziren. Alaves oso ondo kokatuta zegoen berdegunean, esperoan aukera bat izanez gero gola egiteko. Halere, markagailua ez zen mugitu eta bi taldeak aldageletara joan ziren.

Bigarren zatian, lehenengo lepotik burua. Celta baloiaren jabe zen baina inongo sakontasunik gabe. 59. minutuan Pinak huts eta batekoa egin zuen, eta falta horretan ikusi zen Alavesek talde lana egiten duela. Aldez aurretik prestaturiko falta ezin hobeto atera zen. Ibaik motzean eman zion Duarteri, honek erdiratu zuen eta Laguardiak fede handiz pase eman zion Pinari sarera bidaltzeko. Hortik aurrera, talde bakarra izan zen berdegunean. Gainera, Ibaik, jaurtiketa bikaina eginez, bigarrena egiteko ere aukera izan zuen. Celtak aukera ezin hobeak izan zituen markagailuan berdinketa lortzeko, baina Pachecok geldiketa bikainak egin zituen.

Berriz ere, hiru puntuak. Taldea esne-mamitan bizi da. Batek baino gehiagok pentsatzen du talde honek zerikusia duela Manek zuzentzen zuen taldearekin. Ea aukera izaten dugun garai hartan bizi izan genuena berriz ere bizitzeko!

Celta: Sergio, Hugo Mallo, Cabral, Roncaglia, Junior (86’. Hjulsager), Lobotka, Fran Beltran (62’. Emre Mor); Brais Mendez, Boufal (74’ Pione Sisto), Iago Aspas, Eckert.

Txartel horiak: 57’. Cabral, 91’. Hjulsager.

Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Ximo Navarro,  Duarte, Ibai, Darko Brasanac (76’. Wakaso), Manu Garcia, Pina,  Jony (92’ Borja Baston) eta Calleri (74’. Sobrino)

Txartel horiak: 10’. Laguardia, 63’. Calleri, 87’. Pina.

Golak: 0-1: 59'. Pina

Balaidos futbol-zelaiko harmailak: 15.600 ikusle bildu ziren norgehiagoka ikusteko. Partidaren bukaeran, Celtako zaleek txistu artean agurtu zuten taldea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide