Aldi baterako lan erregulazio espediente bat ezarri nahi du Tubacexek

Erredakzioa 2018ko uzt. 20a, 18:30

Soldadurarik gabeko hodiak egiten ditu Tubacexek. ALEA

Donald Trumpen muga-zergei aurre egiteko neurria izango litzateke.

Malgutasuna, langileen mugikortasuna, 21 hilabeteko erregulazio espedientea, eta lan batzuk kanpoan azpikontratatzea. Horiek dira, LAB sindikatuaren aburuz, Tubacexek mahai gainean jarri dituen proposamenak. Astelehenean, uztailaren 23an, bilduko dira langileak eta enpresako arduradunak asmoak aztertzeko. Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen muga-zergei aurre egiteko neurriak izango lirateke, enpresaren jarduera bermatze aldera.

LAB sindikatuak Tubacexeko zuzendaritzari exijitu dio "langileentzako lan eskubideen murrizketarik izango ez duen plan industrial bat" jar dezala mahai gainean. Halaber, enpresaren akziodunei eskatu die "euren gain har ditzatela muga-zergek Tubos Reunidosen ekarriko dituzten gastuak". Halaber, enpresa batzordeari eskatu diote "gainontzeko langileekin parteka dezala egoera, guztion artean, egin diguten enegarren erasoari aurre egiteko".

Tubacexek soldadurarik gabeko hodiak egiten ditu, eta lantegiak ditu Laudion, Amurrion eta Artziniegan. Azken lantegi honetan, hain zuzen, langile bi kaleratu ditu Tubacex Taylor Accesorios enpresak, sei greba egun iragarri ostean. Tubacexen Artziniegako langileak soldatak izoztuta eta hitzarmenik gabe daude 2014tik, zuzendaritzak bi aldiz ukatu baitu hitzartutako testua sinatzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago