Maroño, lasaitasunaren ispilu

Erredakzioa 2018ko abu. 14a, 07:00

Aiaraldeko urtegiak naturaz inguratutako ibilbideak eskaintzen ditu: Gorobel mendilerroaren paisaiak eta pinudiz, hariztiz eta zuhaixkaz osatutako basoak, arrantzaleek haien zaletasunaz gozatzen duten bitartean.

Ez du axola urteko zein sasoi aukeratzen den Maroñoko urtegira joateko, urtaro guztiek dutelako xarma inguru horretan. Kolore ezberdinez tindatzen da paisaia eta argazki panoramiko dotorea lor daiteke. Leku lasaia da, eta ez da ohikoa jendez beteta ikustea. Herriko bizimodua islatzen duten baserriek Arabako iparraldeko naturarekin bat egiten dute urmael bazterretan.
 

 
Aiarako udalerrian Izoria ibaiko urek eratutako natura gune honen ondoan dago Maroño herria, eta hainbat bide eskaintzen ditu izen bereko urtegira heltzeko: kotxea hartu eta urtegiari bira ematea edo Lendoño Goikoa herritik urtegirainoko ibilbidea egitea.
Gorobel mendilerroan dagoen eta inguruko herriak hornitzen dituen urtegi zabala da.
90. hamarkadaren hasieran eraiki zuten eta 600 metro baino gehiagoko malda duten  hiru tontorrez inguratuta dago: Ungino (1105m), Tologorri (1068m) eta Eskutxi (1180m). Gorobel, halaber, Araba Burgosetik banatzen duen mendilerroaren izena da, eta gune erakargarrienetako bat 25 kilometroko eta 300-400 metroko garaiera duen horma arrokatsua da. Horrek ikuspegi panoramikoa eskaintzen duen behatoki zabal bat eratzen du.
Pinudiz, hariztiz eta zuhaixkaz osatutako basoak ditu inguruan. Era berean, Delika arroilak, Amurrion dagoen mendi-zintzurrak, eskaintzen duen pasaia ikus daiteke. Delikan, Nerbioi ibaia jaiotzen da, 300 metroko garaiera duen ur-jauzia eratuz.
Urtero, martxoa eta iraila bitartean, urak eusten dituen presagainak arrantzale ugari biltzen ditu; lutxoa edo amuarraina harrapatzen dituztenak.
Bestalde, baldintza meteorologikoengatik mendizerra igaro ezin duten hegazti migratzaileek aterpe gisa erabiltzen dute. Gainera, Maroñok bisitariei aisialdirako gune bat eskaintzen die, mahaiek eta erretegiek osatzen duten askaldegi batekin, hain zuzen, Arrakundiagatik Delikara doan 33 kilometroko ibai ibilguarekin batera doan gunean ezarrita dagoena.


Nola iritsi

Gasteiztik 46 kilometrora dago urtegia; Arespalditza eta Artziniega Amurriorekin lotzen duen errepidea da sarbideetako bat. Ondoren, Maroño eta Izoria norabidea markatzen duen bidegurutzea hartuta, lau kilometrora dago sarrera.
Urtegiari bira ematea erabakitzen dutenek ehun kilometro karratuko ordokiarekin topo egingo dute aurrez aurre; Gorobel mendilerroa urtegiko uretan islatzen den harresi baten antzera altxatzen dena.
Ingurune horretan, 4.500 urtetik hona abereekin batera mendizerrako haran zabalak zeharkatzen zituzten artzainak bizi dira, lehen artaldeak eratu zirenetik bailarako jabe bilakatu direnak, otsoarekin liskarretan dabiltzanak.
Baina, ugaztun horiez gain, arreta handiagoa merezi duten 54 espezie bizi dira bertan; tartean, desagertzeko zorian dauden hiru: igaraba arrunta, bisoi europarra eta ferra-saguzar mediterraneoa.
36 lagun bizi diren Maroño herrian geldiunea egin nahi izatekotan, gomendagarria da Iruro dorrea bisitatzea; aurrealdean, erdi-puntuko arkua ikusgai duena. Lendoño Goikoa, Belandia eta Agiñiga herriek ere urtegiaren ondoa osatzen dute.


Lendoño Goikotik Maroñora

Tologorri tontorrarren oinean dagoen Lendoño Goikoa izango da bigarren ibilbidearen abiapuntua. Bidean, erortzear dagoen Garai baserria topatzeaz gain, oihanpean ardi latxez osatutako artaldeak daude haranean, txakurrek ingurunea otsoengandik babesten duten bitartean.
Venta Fria izeneko baserritik hasiko da txango hori, mandazainen atseden eta ostatu gune izan zena. Eremu garaia denez, oilagorraren bizilekua da; moko luzea duen txoria da hori, pagadiz osatutako baso hezeetako orbeletan elikatzen dena.
Bidea Belandia alderantz joango da jarraian, maldan behera; gero, erkametz eta pinu gorriz betetako basoak zeharkatuko ditu. Orduan, Belandiatik Agiñigalderantz abiatuko da larreetatik. Agiñigan bidea errepide bihurtuko da eta Maroñoko urtegiaren hegalean amaituko da. Bi ordu eta erdiko ibilaldi ederra bigarren hau.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago