Gure bazterrak

Artziniega: Ondare bereziko gunea

Mirian Biteri 2018ko eka. 29a, 19:30

Arabako ipar-mendebaldeko muturrean dago Artziniega, Bizkaiko eta Burgosko mugetan. Hiribildua izen bereko errekaren eskuinaldean dago kokatuta, 210 metroko altueran.

Historia idatzia 1272. urtean abiatu zen, Gaztelako errege Alfonso X. Jakitunak hiri-gutuna eman zionean. Ordutik, lurzoruetarako gaietarako Bizkaiko foruaren arabera gobernatu zuten bitartean, ekonomia nahiz zergekin lotutako arazoetarako, berriz, Gasteizko forua erabili zuten.

1370. urtean Don Tello hil arte, Artziniega Bizkaikoa zen; baina horren heriotzarekin Enrike II. anaia geratu zen lurren jabe, eta horrek, aldi berean, Pero Lopez de Aiala kantzilerrari eman zion urtebete beranduago. Bizkaikoa izan zen bitartean, jauntxoak izendatzen zituen alkateak; ondoren, herriak berak aukeratu zituen batzar irekian.

Erdi Aroan, asko izan ziren lurraldeak eskuratzeko bandoek egindako gudak; merkataritzarako toki estrategiko batean zegoen, itsaso eta goi-lautadaren artean; eta hortaz, leinu aberatsak eta garrantzitsuak finkatu ziren bertan. 

Erdi Aroa amaitzean, hedapen-aldia jasan zuen eta harresitik kanpoko guneak okupatu ziren. Gainera, Ameriketatik ekarritako aberastasunak ere eragina izan zuen garapenean; esaterako, 1590ean Pedro Saenz de Ubaldi batxilerrak ospitalea egin zuen parrokia aurrean. XVIII. eta XIX. mendeetan, eskualdeko merkataritza gune nagusia izan zen hiribildua. Bestalde, azken guda karlistan, hainbat bataila jasan zituen, eta ondorioz, artxiboa eta erregistro zibila erre ziren, garrantzi handiko agiriak galduz. 

1995tik Monumentu Multzo Historiko-artistikoa da Artziniega.  Datu bat: 46 armarritik gora daude hiriguneko hainbat estilotako etxe, jauregi eta dorretan banatuta. Aipamen berezia merezi dute Ortiz de Molinillo Velasco dorreak, Goiko plazak eta udaletxe zaharrak, Bengoa dorreak, Aranguren eta La Mora jauregiek, elizak edota udaletxe berriak eta frontoiak.

Fitxa:

Kuadrilla: Aiaraldea.

Udalerria: Artziniega.  

Biztanleak: 1.761 (2017ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: 1674. urtean, Arabako Batzar Nagusietan Artziniegako prokuradorea arbuiatu zuten, gaztelaniaz ez zekielako.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago