Laudioko Latiorro ikastetxearen amiantoaren aferak amaiera data du. Hezkuntza ordezkari Blanca Guerrero asteotan bildu da ikastetxeko eskola kontseiluko kideekin, eta batzar horretan jakinarazi du datorren ikasturtean kenduko dutela eraikinaren sabaian dagoen amiantoa; prozesua 2020.urtera arte luzatu daiteke.
Modu horretan, amaiera emango litzaioke duela bi urte hasitako eztabaidari. 2016ko abenduan ikastetxean zeuden amiantozko loreontziak kendu zituen enpresa espezializatu batek, Udalak hala eskatuta. Iazko udan, aldiz, ikastetxeko pasabide batean teilatu funtzioa egiten zuten uralitazko –amiantoz eginiko– hainbat plaka kendu zituzten. Bi lan horiek egin ostean, baina, badago oraindik toki bat ikastetxean minbizia eragiten duen mineral horrekin: eskolako sabaia. Uralitazko plaka ugari daude han, kapsulatuta.
Erakundeen ustez, arriskurik ez
Baina teilatuan dagoen uralita hori ez da arriskutsua ikastetxeko erabiltzaileentzako, Laudioko Udalak eta Hezkuntza Ordezkaritzak ziurtatu dutenez. Jon Ander Altube alkateordeak azaldu du amiantoa "apurtu edo manipulatu egiten denean" dela arriskutsua, sortzen den hautsa eta materialaren zuntzak arnastuz gero birikietako minbizia garatu daitekeelako. "Baina behar bezala kapsulatuta eta isolatuta dagoenean, ez dago ondoan dauden pertsonentzako inolako arriskurik", nabarmendu du.
"Une honetan teilatua da amiantoa duen zonalde bakarra. Baina, ikus daitekeen moduan, berde koloreko materiala du jarrita gainetik, amiantoa inerte eta isolatuta mantentzeko", gaineratu du Guerrerok.
Aurkako iritzia
Oscar Benitok, baina, aurkakoa uste du. Latiorroko gurasoa da bera eta askotariko ekimenak egin ditu urteotan amianto guztia kendu dezatela exijitzeko. Hainbat iritzi-testu plazaratu ditu gaiaren inguruan, eta baita protesta-abesti bat ere. Sinadura bilketa da abiatu duen azken ekimena. "600 sinadura baino gehiago bildu ditugu jada", adierazi du gurasoak, eta jakinarazi du amiantoaren aurkako guraso-plataforma sortu berri duela, Amiantorik ez izenekoa. Roberto Eizmendi du bidelagun ekimenean. Laudioko Udaleko langilea da Eizmendi, eta Kepa Galdosen –amiantoa erabiltzeagatik hildako beharginaren– lankidea izan zen.
Benitoren arabera, ez da egia ikastetxeko sabaian dagoen amiantoa "egoera seguruan" dagoenik. "Materiala oso hondatua dago, eta sabaiaren toki batzuk ez daude kapsulatuta", adierazi du.
Iritzi kontrajarri horiek hainbat aldiz egin dute talka urteotan, eta ondorioak izan ditu. Hezkuntza Ordezkaritzak, esaterako, ikastetxean sartzeko debekua ezarri dio Benitori, hezkuntza komunitateko kideekiko "tratu iraingarri eta umiliagarria" izatea egotzita. "Eskolan ezinbestekoak dira elkarbizitza eta errespetua, bai ikasleekiko eta baita irakasleekiko eta gurasoekiko ere", dio Guerrerok.
Udalak, bere aldetik, bat egin du "debeku hori justifikatzen duten arrazoiekin". "Udal langile zein hautetsiok etengabe pairatzen ari gara Oscar Benitoren jazarpena", azaldu du Altubek. Alkateordeak adierazi du errespetatu egiten duela Benitok abiatutako sinadura bilketa, baina nabarmendu du eskola komunitatea dela solaskide bakarra. Benitok, aldiz, uste du amiantoaren aurka egiten ari den kanpainagatik ezarri diotela debekua. "Kriminal bat bezala tratatzen ari naute", salatu du.
"Gaindituta eta beldurtuta"
Guraso elkarteko kideak, aldiz, gaiaren inguruan sortu den egoeragatik "gaindituta eta beldurtuta" sentitzen direla diote. "Uste dugu sare sozialetan eta komunikabideetan argitaratu diren informazioak osatugabeak izan direla", esan dute, eta argi utzi nahi izan dute "ikastetxeko familia guztiek" nahi dutela amiantoa "ahalik eta lasterren" kentzea.
Beste hainbat ekimenen artean, bide legala ere hartu zuen Benitok iaz, salaketa bat jarriz. Arabako Probintzia Fiskaltzak ikerketa-diligentziak ireki zituen orduan, ikastetxean dagoen amiantoaren atzean "ingurugiroaren edota osasun publikoaren aurkako deliturik" dagoen ebazteko. Diligentzia horiek medio, ikastetxean "aire-neurketak" egitea eskatu du epaitegiak. Horien bidez ikastetxeko "airean" amiantozko zuntzak dauden detektatu ahalko litzateke.
Irakurri albiste osoa aiaraldea.eus webgunean.