Gure bazterrak

Agiñiga: Larre amaigabeak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mai. 4a, 19:00

Agiñiga Gorobel mendizerraren hegalean dago.

Iparraldean Maroño, ipar-mendebaldean Madaria eta Salmanton, ipar-ekialdean Izoria, ekialdean Belandia (Urduña), hego-ekialdean Lendoñogoiti (Urduña) eta hego-mendebaldean Merindadeak (Burgos) mugakide ditu.Auzo hauek osatzen dute Agiñiga: Larrabe mendebaldean, Mendieta eliza inguruan, Sologuren ekialdean eta El Lugar, azken bien artean. Inguruko Aiarako gainerako herriak bezala, Agiñigak ere Gorobelgo artzaintzarekin loturiko iragan luzea eta aberatsa du, eta horren lekuko dira bertako artzainengandik jasotako hainbat istorio. Aztarna aldizkari etnografikoak jaso zuen 2003. urtean Pilar Mendibilen testigantza. Agiñigako El Lugar auzoan jaio zen Mendibil, eta hamabi urterekin (1937. urtean) mendilerrora igo zen, Menerdigako kortara, ardiak zaintzera, bere ahizpa Catalina eta Larrabe auzoko Valentina Mendia bizilagunarekin batera. Espainiako Gerraren erruz igo behar izan ziren, etxean bakarrik geratu zirelako amarekin. Egun, Agiñigako artzain-tradizioaren jarraitzaile nagusia da Jose Ramon Martinez Elejalderen eta Lourdes Menoyoren familiak produzitzen duen Larrabe gaztaindegia. Idiazabal eta Artzai gazta egiten dute, eta Gernikako gazta-lehiaketan bigarren saria eskuratu zuten behin; 2014an, berriz, lehen sari bat irabazi zuten, eta Amurrioko XXII. Artzain Egunean omendu zuten artzainen familia. Artzaintzarekin eta ingurune naturalarekin loturiko jardueraz aparte, artearen maitaleen artean oso ezaguna da Agiñiga. Izan ere, Andre Maria Sortzez Garbiaren elizaren Done Jakueko kaperak margo ederrak gorde ditu. XVI. mendekoak dira, eta Araban gorde direnetatik inportanteenak. Gainera, 2008. urtean, Done Jakueko kaperan, erdi lurperatuta aurkitu zituzten Erdi Aroko Andra Mari baten egurrezko figura bat, eta XVI. eta XVII. mende bitarteko hainbat hilobi.

Fitxa:

Kuadrilla: Aiaraldea.

Udalerria: Aiara.  

Biztanleak: 20 (Eustaten 2017ko datuen arabera).

Bitxikeria: Herriaren izena haginarekin loturik dago, eta hala jasotzen da herriko elizaren ondoan jarritako plaka batean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago