San Prudentzio 2018

Kazolen artean, Aiaraldean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 26a, 07:00
Apirilaren 29an Rakatapla taldeak XXVI. Barraskiloak Saltsan Txapelketa antolatu du, Laudioko Herriko Plazan. RAKATAPLA TALDEA

San Prudentzio Aiarako jairik nagusiena da, baina Kuadrillako gainerako udalerrietan ere ospatzen dute, hala nola, Laudion, Amurrion eta Okondon; danborradekin batera gastronomiak paper garrantzitsua hartuko du.

Aiarako jaiak ospatuko dituzte apirilaren 27tik 29ra, San Prudentzio egunaren inguruan. Honez gain,  Kuadrillako gainerako udalerrietan ere, Laudion, Amurrion eta Okondon ospakizunak izango dituzte. Amurrion eta Laudion bezperan egingo dute danborrada. Aiaran eta Okondon, aldiz, 28an bertan. 

San Prudentzio Aiarako jairik garrantzitsuena da eta ostiralean hasiko dira ospatzen. Txupina 19:00etan jaurtiko dute Alday fundazioko kideek, eta Prontxi maskotari ongi etorria egingo diote, Luiaondoko txistularien laguntzarekin. Horrekin batera, dantzak, fanfarrea eta Sukar taldeak alaitutako berbena izango dira. Larunbatean haurren danborrada, 13:00etan, eta barraskilo jana izango dira protagonistak. Igandea kiroletan blai dator;  Jesus Isasiren omenezko XXXVIII. Txirrindularitza Txapelketa, bolo-kojoa, eta pilota jaialdia izango baitira. Eguna amaitzeko, erromeria izango da Patxi eta Konpainiarekin, eta herriko odolki jana, 21:00etan. 

Danborrada eta barraskiloak

Urtero bezala, Laudion, Rakatapla elkartea da San Prudentzioren omenezko danborradaren eta Barraskiloak Saltsan txapelketaren antolatzailea. Apirilaren 27an, danbor-hotsek Laudioko kaleak girotuko dituzte, iluntzeko 22:00etan Aldai Plazatik abiatuz. 24:00etan Herriko Plazara helduko da danborrada, eta San Prudentzioren omenezko Erretreta joko dute udal ordezkarien aurrean. Ondoren ikurriÒaren igoera egingo dute.

Ekhiotz Bilbao Rakatapla taldeko kideak azaldu duenez, 26 urte inguru dira danborrada antolatzen hasi zirenetik. Hasiera batean herriko elkarte eta txoko gehienek parte hartzen zuten, baina urteak aurrera joan ahala parte-hartzea murriztu zen. Egun 70 lagun inguru biltzen dira gaueko kalejiran. "Saiatu gara azken urteetan jende gehiago erakartzen, eta haurren danborradarekin ere elkarlanean aritu gara" kontatu du Bilbaok. Izan ere, egun berean, 17:30ean egiten dute danborrada txikia, herriko ikastoletako eta eskoletako ikasleek eta irakasleek. 19:00etan amaituko da kalejira, Herriko Plazan. 

Bestalde, apirilaren 29an, Herriko Plazan, Barraskiloak Saltsan txapelketa gastronomikoaren XXVI. edizioa izango da; 09:00etan hasiko dira prestatzen, eta ondoren, 12:30 aldera, Rakataplako sukaldariek barraskiloen dastaketari hasiera emango diote. Bilbaoren hitzetan lan handia hartzen dute, baina oso egun polita da: "Denak batzen garelako, eta bide batez herria girotzen saiatzen gara".

Amurrion ere prest

Danborradak eta barraskilo-jan herrikoia izango dira Amurrioko Udalak antolatutako programazioaren ardatzak. Ostiralean, apirilaren 27an, 15:30ean hasiko da jaia, danborren erritmora, Musika Eskolak antolatutako umeen danborradarekin, Juan Urrutia plazan. Tabarre Fanfarrearen eta Amurrioko herritarren partaidetza izango duen danborrada nagusiari dagokionez, 20:00etan hasiko da, eta Juan Urrutia plaza eta erdialdeko kaleak hartuko ditu.

Bukatzeko, 20:15etik aurrera, barraskilo-jan herrikoia egingo dute Juan Urrutian. Euria izanez gero, jarduerak San Anton plazan egingo dira.

Okondogoieneko festa

2011. urtean berreskuratu zuten Okondon San Prudentzio jaia, eta ordutik, urtero, Okondogoieneko San Prudentzio ermitara igotzen dira herritarrak. 12:00etan  hasten da meza, eta ondoren egingo dute  hamaiketakoa eta igel jaurtiketa txapelketa. Trikitiaren soinuek lagunduko dute erromeria. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide