Artziniegak babesa kendu dio Aiaraldea-ri

Juanma Gallego 2018ko api. 23a, 12:51

Hainbat eragilek euskara "joku politikotik kanpo" egotea eskatu dute. / Alea

PPk udal aurrekontua onartzeko jarritako baldintza bakarra izan da. Ondorioz, hedabideareriko hitzarmena eta publizitatea eten dituzte.

Artziniegako Udalak Aiaraldea hedabidearekin zuen hitzarmena bertan behera utzi du, eta publizitatea jartzeari utziko dio ere, hilaren 12an izandako udal bilkuran hala erabakita. PPk EAJri udal aurrekontua onartzeko jarri dion baldintza bakarra izan da, hedabide lokalak berak jakinarazi duenez.

PPren baldintza onartuta, alderdi horretako zinegotzi bakarra abstenitu egin da aurrekontuen bozketan. EAJko zinegotziek alde bozkatu dute, eta EH Bilduko ordezkariek, kontra.

Orotara, 1.8 milioi euroko aurrekontua izango du aurten Artziniegak. Euskara sustatzeko, 7.175 euro inbertituko ditu Udalak, aurrekontuaren %0,40, hain zuzen. Diru hori, besteak beste, Euskararen Astea sustatzera edota euskara ikasten laguntzera bideratuko dute. Baina Aiaraldea hedabiderentzat aurreikusita zegoen 1.500 euroko partida bertan behera gelditu da.

Joko politikotik at

Hedabideak "euskara lehia politikotik kanpo" uztea eskatu du. "Euskarak tresnak eta arnasguneak behar ditu Artziniegan, gaur egun eskaintzen zaizkion baliabideak baino gehiago". Herrian euskararen erabilera indartzeko Aiaraldea bezalako proiektuak "berebizikoak" direla aldarrikatu du hedabideak, ohar baten bitartez.

Erabakiak erreakzio ugari eragin ditu. Euskal Herriko hedabide lokalak biltzen dituen Tokikom elkarteak "euskarazko hedabideak laguntzea alderdien borroketatik kanpo egotea" eskatu du. "Ez da euskararen mesedeko hartutako erabakia". Euskararen Kontseiluak ere esan du hizkuntza eskubideak joko politikoaren baitan jartzea "onartezina" dela. "Aiaraldea bezalako hedabideek egiten duten lana beharrezkoa da euskararen normalizaziorako", adierazi du erakundeak. Udaleko oposizioan indar nagusia den EH Bilduk ere "tamalgarritzat" jo du EAJk hartutako erabakia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago