"Artzainen eta beren familien lana nabarmendu nahi dugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 7a, 19:00

Pepin Elejalde artzainari eta Catalinari eginiko elkarrizketaren irudi bat. SANTIAGO YANIZ ARAMENDIA

Jose Luis Urrutia (Bilbo, 1958) idazlea eta gidoilaria da Los últimos pastores de Sierra Salvada dokumentalaren egilea.

Martxoan estreinatu dute lana, Amurrion. Gorobel mendilerroko artzainen bizipenak eta antzinatik datorren Aiaraldeko abeltzaintzaren lekukotzak jaso dituzte, Salvagoro elkarteak sustatu duen egitasmoan.

Zer nolako sentsazioak dituzu egindako lanaren inguruan?

Profesionalen talde batek mimo handiz egindako lana da, oso berezia da eta sentsazio ugari batzen dira. Aiara ariman daramat eta Gorobel mendilerroa Aiarako zati bat da.

Zer topatuko dute ikusleek dokumentalean?

Abeltzaintzari buruzko irudi zabala eskaintzeko helburua duen dokumental bat. Artzainaren ogibidearen jatorria birpasatu dugu, baina XX. mendeko azken hamarkadetan eta gaurko egunean zentratu gara batik bat. Oso zabala da landutako gai-sorta. Abeltzaintzaren mundua Gorobel mendilerroan ondo islatzea izan da helburua, eta halaber artzainen eta beren familien ekarpena nabarmendu nahi dugu, eta euskaldunen historian izan duten garrantzia azpimarratu.

Zer arrasto utzi dizu lanak?

Ezustean harrapatu ninduen... Liluratu ninduen gizonezko adinduen bizitasunak, Pepin Elejalderena kasu. Ez zen erraza izan euren atzetik joatea mendilerrotik. Harritu ninduen ere euren pentsaerak eta arrazoitzeko moduak. Batzuetan erakusten dute logika oso sinple eta jakintsua, eta horrek jokoz kanpo uzten zaitu. Txunditu ninduen leku eta egoera batera egokitzeko daukaten gaitasuna. Juanjo Hidalgok esan bezala, "bestelako osagai batzuekin egindako jendea da". Biziki harrituta geratu nintzen ere ikustean euren familien lanari esker lortu dutela bizirautea artzainek, eta, oro har, abeltzaintzak, bereziki, emakumeen lanari esker. Emakumerik gabe, abeltzaintza ez litzateke gaur egun arte helduko.

Norekin egon zarete lana egiteko?

Bi ildo landu izan ditugu dokumentalari ahotsa eta lekukotzak eransteko: artzainak eta familiak, batetik, eta teknikariak, bestetik, hau da, historialariak, etnografoak, biologoak eta parte hartu duten gainerako adituak. Bi blokeen ikuspegiak ahalbidetu du nahi genuen narrazioa osatzea. Gauza askok txunditu naute. Zenbait unetan zur eta lur geratzen nintzen hainbat arrazonamendu, pasadizo edo espero ez nuen informazioren aurrean. Zerbait nabarmendu beharko banu artzainen bizitzaren gogortasuna izango litzateke, Land-Roverrak heldu baino lehen eta etxolen modernizazioa egin baino lehen. Hotza jasaten zuten, oinarrizko elikadurarekin soilik bizi ziren, gau luzeen bakardadea... Heroien aurrean geundela sentitzen nuen.

Jose Luis Urrutia zinegilea. AIARALDEA.EUS

Nola garatu duzu dokumentala?

Filmazioaren aurretik dokumentazio lana egin genuen eta grabatu behar genituen tokiak bilatu genituen. Dokumental bat egiteko orduan hori da oinarrizko lana, are gehiago mota honetako lan batean. Alde horretan ezinbestekoa izan da Salvagoro elkartearen laguntza, Enrique Arberasetik hasita. Informazio horrekin filmazio-gidoia prestatu genuen lekukotza jakinak eskuratzera bideratuta. Sarritan, filmazioan eskemak apurtu dizkidate, baina errespetatu dut, ikuspegi mamitsuak eskaini ez ezik, inprobisaziorako tartea uztea gogoko baitut. Dokumentalean oso ondo islatu da abeltzaintzaren arima. Izan ere, eurek marraztu dute ezin hobeto euren lekukotzekin.

Udan grabatu zenuten, Gorobelen.

Bai. Talde osoarentzat esperientzia ahaztezina izan da. Zorte handia izan genuen eguraldiarekin eta filmazioa aurreikusi bezala egin zen. Salvagorok luxuzko logistika eskaini zigun, elkarrizketatuek lagundu zuten eta bazkariak, afariak eta ordu pila bat partekatu genituen protagonistekin, artzainekin. Jardunaldi luzeak, nekagarriak, baina atseginak. Asko ikasi eta gozatu genuen. Lan mota hauek erritmo ezberdinak eskatzen dituzte eta hori da erakargarriena. Esparru honetan lan egiten dugunok ez genuke jakingo nola bizi haustura horiek gabe, berritasun edo aniztasun hori gabe. Nire kasuan, Madrilen bizi naizenez, datak ondo hautatu behar genituen, baina koordinazioa bikaina izan zen.

Zer eman dizu dokumentalak?

Haustura izan da nire bizitzan. Mugarria izaten ari da, aldatzen, irakasten eta aberasten zaituena. Asko eskertzen dut proiektua nire bidean gurutzatu izana. Horregatik, beti eskertuko diot Enrique Arberasi ni hautatzea proiektua gauzatzeko

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago