Flamenkoa eta txalaparta, eskuz esku

Erredakzioa 2018ko api. 4a, 13:24

Flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituzte 'Berriketan' emanaldian. Jorge Salvador.

Larunbatean musika eta dantza uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute Amurrion.

Berriketan koreografia taularatuko dute larunbatean Amurrio Antzokian, XIV. Dantza Zirkuituaren baitan. Lanaren sustatzaileek azaldu dutenez, “euskal sustraiak eta flamenkoa uztartzen dituen proiektua da” Berriketan.

Alegria, buleria, tangoak, fandangoa eta beste hainbat erritmo ezberdin harturik, goxotasun eta energia handiko ikuskizun berezia” dela nabarmendu dute.

2008an sortu zuten egitasmoa. Garai horretan, bereziki perkusioa eta dantza lantzen hasi ziren, baina denborarekin gitarra eta kantuak sartzeko beharra ikusi zuten taldeko kideek.

Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga daude txalapartaren atzean, eta Jose Gil Giliyo perkusioaz arduratzen da. Aitor Escobar dago gitarran, eta Angel Lopez de Toro ahotsean. Hau guztia Askoa Etxebarrieta La Pulga artistaren dantza flamenkoarekin osatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago