Oposiziotik ohi baino zorrotzago datozkio kritikak. Hala uste du Natxo Urkixo (Laudio, 1960) alkateak, baina hauteskunde atarian laster sartuko direla ere badaki, eta "joko politikoaren" parte direla dio. Espainiako banderaren auzia atzean utzita, bestelako buruhausteak ditu mahai gainean; besteak beste, garatu gabeko industria guneei bultzada bat eman nahi die.
Aurrekontu berriekin hasi du urtea Arabak, 481 milioikoa, EAJ-PSE eta PPren arteko akordioarekin. Zer balorazio egiten duzu?
Zehatz-mehatz aztertu ez baditut ere, agerian geratu da hobekuntza sozialak alde batera utzi dituztela. PPren ordezkariei entzunda, ematen du beren baldintza bakarra EH Bilduk garai batean lortu zituen hobekuntzak bertan behera uztea izan dela. Eta begi bistakoa da diru publiko hori PPren inguruan dauden herrixka batzuk hobetzeko erabiltzen ari direla; lekuz kanpoko diru laguntzak dira, biztanle kopurua eta beharrak kontuan hartzen baditugu.
Udaletxeko eraikin zaharra eskaini diozue Diputazioari ordezkaritza bat zabal dezan. Aztertzen ari dira?
Ikusi dute ez zaiela komeni momentu honetan inbertsiorik egitea, gehiegizkoa delako. Udalarena izanik eta Aldundiak erabiliko zuela jakinik, kostua erdibanada egiteko prest geunden, baina badirudi oraingoz ez zaiela interesatzen.
Uste duzu garrantzitsua dela halako ordezkaritza bat izatea Laudion?
Bai. Kontuan izan behar da Aldundiak Laudion duen presentzia orain arte irudikatu dela Haziendarekin, hemen izan duen bulegoarekin. Izan ere, garai batean ematen zuen bakarrik oroitzen zela herriaz dirua biltzeko. Nire asmoa da Aldundiaren presentzia areagotzea, jendeak kontuan har dezan ez dela bakarrik dirua xahutzea, badaudela bestelako zerbitzuak, diru laguntzak, kultur egitasmoak, errepideak... eta horren isla edukitzea. Are gehiago, diputatuei eskaini nahi genien ganorazko gune bat Laudioko jendearekin eta elkarteekin elkartzeko. Zerbitzu horren beharra beraiek ere ikusten dute, baina oraindik ez dute kokapen egokia aurkitu.
Aiaraldea eta Arabaren arteko lotura horretan faltan botatzen duzu zerbait?
Bai. Esan behar da, azken urteotan, azken legealdian gehien bat, gauzak hobetu direla izugarri, baina horren txarto zegoen harremana... Askotan aipatu dut, 2011n alkatetza hartu nuenetik, detaile sinple bat: Laudio Arabako bigarren herria da, herritar kopuruari dagokionez, 18.500 inguru, eta kuriosoa da Gasteizen kotxeaz galtzen bazara eta Laudiora joan nahi baduzu ezinezkoa duzula, ez dagoelako seinale bat bera ere. Erdigunetik edo inguruko errepideetatik bazoaz ez dago Laudiora bideratzen duen irteerarik. Anekdota bat baino ez da, baina agian esanguratsua.
Zein lehentasun duzu 2018rako?
Kontuan izan behar dugu datorren urtea hauteskunde urtea dela. Guretzat garrantzitsuena da orain arte herritarrekin eta baita Laudioko gainerako alderdi politikoekin hartu ditugun konpromisoak gauzatzea. Hori da helburua baina badakigu oso zaila izango dela arlo politikoan, begi bistan baitago oposizioak kanpaina politikoa hasi duela, eta ez bakarrik Laudion. Orain arte hartutako konpromisoei eutsi nahi diegu ezbairik gabe, nahiz eta orain mokoka ibili oilategian.
Gaiztotu egin da giroa oposizioarekin?
Gaiztotu ez, baina beharbada ikusi dute beraien exijentzia maila handitu behar dutela, eta ez dute barkatzen. Baina normala ikusten dut joko politikoan; imajinatzen dut geure alderdia Amurrio eta beste tokietan antzera ibiliko dela.
Tasen kudeaketagatik kritika egin dizue EAJk, azkena.
Kuriosoa da. Sei urte daramagu alkatetzan, eta horietatik bost negoziatzen daramagu tasak; bere horretan mantentzea zen EAJren saihetsezineko baldintza. Orain geuk "izoztea" proposatzen dugu eta igotzen ez dugula aurpegiratzen digute. Igo nahi izan dugunean "dirua biltzeko" nahia genuela esaten ziguten, eta orain kontrakoa. Denok dakigu zarama bilketan edota uren kudeaketan zerbitzuak garestitu egingo direla eta, beraz, tasa horiek egokitu egin beharko direla egunen batean. Tasak igotzen diren momentuan ez du inork agintean egon nahi, zoritxarrez, politikoki jaurtitzeko oso erabilgarria delako. Beharbada noizbait argi izango dugu zer den tasa bat, ez dela zerga bat, zuzenean zerbitzu bat ordaintzeko erabiltzen dela...
Zer nolako inbertsioak egin beharko ditu Laudioko Udalak Nerbioi ibaiaren egoera hobetzeko, URA agentziak eskatu bezala?
Inbertsiorik handiena eginda dago, ur beltzen estolderia zenbait urtetan berritu baita; bertako ur beltzen %90 bideratuta dagoela esan daiteke. Aldiz, Aiarako gainerako herrietan egiteke dute lan hori. Guk pausoak eman ditugu, txikiak baina eman ditugu. Ezinean ibili gara orain arte Madrilgo gobernuak atzeratu duelako ez dakit zenbat urte ingurumen-txostena; horrekin batera has daiteke soilik araztegiak egiteko beharrezko desjabetzeak egiten, arazoa bideratzeko.
Ekonomiari erreparatuta, zer behar ditu Laudiok?
Beharbada kanpotik bultzadatxo bat behar luke inbertsioen alorrean. Enpresek adierazten dute bertan geratzeko asmoa dutela, baina pizgarria behar dute. Eta azpiegituretan dugu arazo nagusietako bat, enpresa guneen eta saihesbidearen arteko lotura faltagatik. Garatu gabeko industria guneak ditugu, Larra aldekoa eta Gardeakoa tartean, eta bada garaia; azken honek duen arazoa komunikazioa da, saihesbidera jotzeko sarbide zuzenik ez duelako. Etorkizuneko erronketariko bat izango da. Industriari dagokionez, ez nuke esango egoera txarrean dagoenik, baina lozorroan dago eta bultzada bat behar du.
"Espainiako bandearen auzia
Laudio zigortzeko erabaki bat izan da"
Kultura mailan, bultzada emango dio Kasinoak?
Laster sinatuko dugu kudeaketarako proposamena Aldundiarekin, hamar urtez. Gure ikuspuntutik, ekitaldi ertainetarako lekua izango da; musika, antzerki eta dantza saio ertainetarako. Froga gisa, otsailean zehar hainbat saio izango ditugu, erakin bera eta publiko aldetik ere nolako erantzuna izan dezakeen ikusteko. Bestetik, kultura kontseilua berrantolatzen ari gara, SOS Parkearen ekimenez. Orain arte kultura kontseiluek ez dute arrakastarik izan, beharbada elkartzeko gune bat edo foro bat behar zelako, baina parkearen inguruan lanean izan direnekin egituraketa abian da, eta abiapuntua desberdina da.
Parte-hartzeari dagokionez, auzo batzarrak antolatu dituzue. Nolakoa izan da erantzuna?
Pare batean jende gutxi egon da, baina hori ere baloratu egin behar da. Alegia, jende gutxi egon daiteke baina eraginkorra baldin bada, aurrera. Benetako parte-hartzea gutxi ikusten dut, bestalde. Askotan aipatzen da sare sozialen parte-hartzea, baina erlatibizatu behar da. Orain, esaterako, Laudioko bi ekimenen inguruko sinadura bilketa dago change.org atariaren bitartez, eta ondo iruditzen zait. Baina noiz heltzen da informazio hori udaletxera? Egin dute han eskabidea? Proposamena? Exijentzia maila handia da herritarren aldetik, baina benetako parte-hartzea, berriz, eskasa; erakundera jo, proposamena egin eta lan egitea ez da hain ohikoa. Horregatik, ez dute aurrera egin hirigintza eta kultura kontseiluek.
Espainiako banderaren auziak zeresan ugari eman du azken urteetan. Amaitu da?
Hori ematen du. Bi isun jarri zizkidaten, bandera jartzeari "uko egiten niola" esanez, eta hori gezur hutsa da. Epaiketan gezurretik gezurrera ibili dira, besteak beste, esanez bandera ez zela ikusten herritik. Neuk beti defendatu dut aurreko alkatearen erabakia; Amurrion teilatuan dago, Bilbon ere, Arabako Aldundian, Diputatuen Kongresuan... teilatuan daude, eta ez da izango balkoi falta daukatelako. Laudion, diruenez teilatutik behera jaitsi behar zen.Lau daude gaur: Espainia, Euskal Herria, Araba eta Laudiokoa. Legeak dio Laudion Europakoa ere ezin dela jarri, eta beste leku batzuetan badago, ezta Aiarakoa ere... kuriosoa.
Erabaki horren atzean zer asmo dago, zure ustez?
Laudio zigortzeko erabakia izan da. Carlos Urquijoren herria da, eta garai batean teilatuan jartzea erabaki zenean mozio bat aurkeztu zuen. Gehiengo osoak mozio horren kontra egin zuen, eta ez zen bete. Aldiz, zer ipintzen du isuna ipini zidaten epaian? Jarri behar dudala bandera, ez legeak esaten duenaren arabera, baizik eta Carlos Urquijok garai hartako mozioan azaltzen zuenaren arabera. Nik ez dakit noiztik bilakatu den mozio bat betearazle...