Gibillo mendilerroko Urieta kobazuloan dago Bilboko itsasadarraren sorburua, eta Delika herriaren goialdean ur-jauzi ikusgarria. Gillarte eta Gibillo mendilerroen artean jaio diren Iturrigutxi, Ajiturri eta Urieta erreken elkarketa du jatorri ibaiak, eta 222 metroko desnibela hartzen du Delikan –Iberiar penintsulako luzeena da–. Urik ez du izaten euriteen edo urtzaldien garaietatik kanpo.
Jauzia Araba eta Burgos artean egonda, kokapenak polemika handia sortu du. Egia esan, Nerbioi ur-jauzia Amurriori dagokio, baina Nerbioi Begiratokira daramaten bide gehienak Burgosen daude, Santiago Mendiko Monumentu Naturalaren barnean. Lurralde-polemikak alde batera utzita, Amurrioko Udalak gogoratzen duen bezala, bi bide nagusi daude ur-jauziaz gozatzeko: Begiratokiak sarbide erraza du, baina bereziki igandeetan, jendez lepo egoten da. Urduñatik A-2625 errepidea hartu behar da edo CL-625 Burgosko Berberanatik, eta Santiago Mendiaren eremuraino heldu. Inguruetan aparkaleku nahikoa dago. Kontuz ibili behar da kotxea aparkalekuetatik kanpo utziz gero, ohikoa baita Guardia Zibila isunak jartzen ibiltzea, bereziki jai egunetan jende-oldea dagoenean.
Beste alternatiba bat Delikatik hurbiltzea da. Ibilbideak ibaiaren bidea jarraitzen du, eta bazter ezkutu eta xarmangarriak erakusten ditu. Kontuz ibili beharra dago ibaian ur asko jaisten den egunetan.
Hirugarren aukera bat Kuartangoko Gillartetik edo Lunatik abiatzea da, Urietako erreka eta kobazuloak ezagutzeko aukera ematen du ibilbideak, baina ez dago ondo seinaleztatuta.