URA agentziak azken egun hauetan komunikabide ezberdinetan argitaratu dituen ohar guztien ildora, Goi Nerbioi Bizirik plataformak ondorengoak argitu nahi ditu:
- URA eta Goi Nerbio Bizirik plataformaren artean ez dela inoiz elkarlanik egon.
- Goi Nerbioi Bizirik plataformak azkeneko gertakarien inguruko hainbat informazio eskatu diola URAri:
i) Goi Nerbioi ibaian isurketak egiteko baimena duten enpresen zerrenda. ii) Enpresa horien isurketa puntuen mapa. iii) Zer isuri daitekeen eta zer ez. Zer isurtzeko (Hg da daukagu ibaiko biotan) eta zenbat isurtzeko duten baimena. iv) URAk isurketa puntu horietan egiten duen kontrola. v) Isurketa puntu horiek erregulatzen duten legedia. vi) URAk dituen eskumenak isurketen inguruan. vii) Laudion, Uztailak 23 zituenean, arrain mordoa hilik agertu ziren. Egun horretan hartutako laginen analisien emaitzak eta ondorioak. viii) Amurrion Irailaren 14an gertatutako isurketaren txostena (analisien emaitzak eta egindako azterketaren ondorioak).
- URAk publikatu dituen datuen arabera, aurten jaso dituzten 306 isurketa-abisuetatik, 11 zehapen-espediente moduan amaitu direla (%3.6a).
- URAk duen lan egiteko modua azaltzeko asmoz, URAk Goi Nerbioi Plataformari batzartzeko proposatu diola.
Irailak 14ko isurketaren ondorioz Goi Nerbioi ibaiko ia fauna guztia hil zen. Hiru hilabetetan 9166 arrain hilik jaso dituzte Saratxo eta Laudio artean, baina horiek arrain haundiak ziren bakarrik. Arrain txikiak kontuan hartuz gero, zenbaki hori izugarri handituko litzateke. Isurketa orain dela hilabete eta erdi baino gehiago gertatu zen, eta gaur egun oraindik ez dakigu zelakoa izan den floran eduki dituen ondorioak. Ez eta egindako analisiak, emaitzak eta ondorioak zeintzuk izan diren. Zertan oinarritu zen URA agentzia isurketa gertatu eta gero arriskurik ez zegoela esateko?
Hauek horrela, Goi Nerbioi Bizirik plataformak ez du URAren partetik inolako informaziorik jaso. Hori gutxi balitz ere, informazio hau guztia ukatu egin zaigu, plataformak publikatu zuen prentsa oharrak haserretu egin zituelako. Informazio hori guztia lortzeko bide bakarra, haien esanetan, haiekin batzartzea dela esan digute.
Goi Nerbioi plataformak ez du URAren izen onik zikindu behar izan, argitaratutako datuekin haiek beraiek zikindu egiten dutelako: isurketa abisu guztien %3.2a bakarrik amaitzen dute zehapen-espediente moduan. Horrez gain, publikoki jaso ditugun mehatxuak eta eskatu den informazioa lortzeko egin diguten xantaiak jakitera eman nahi dugu. Horrela, norberak bere ondorioak ateratzeko kapaz izango da, guk honi guztiari inolako adjektiborik jarri behar izan gabe. Hala izatekotan, argi utzi digute salatuko gintuzketela.
Azkenik, jakinarazi nahi dugu Azaroaren 16an beste batzar bat ospatuko dugula, eta batzar horretara joateko URAkoei gonbitea luzatu zaiela. Espero dugu batzarrera etortzea, haien lan egiteko modua azaltzea eta eskatu zaien informazioa partekatzea. Hala izanez gero, noski, Goi Nerbioi Bizirik plataformak ez du problemarik edukiko URArekin elkarlanean jarduteko, izan ere, argi gelditu da isurketa bat gertatzen denean martxan jartzen diren protokoloak hobetu behar direla.