CEL erosi nahi duen taldeak "sakrifizioak" eskatu ditu

Erredakzioa 2017ko ira. 14a, 15:00

Udan zehar langileek mobilizazioak egin dituzte, lanpostuen defentsan. | Alea

Triplei taldeak hartzekodunen konkurtsoan dagoen enpresa erosteko interesa agertu du. 

CEL enpresa erosteko asmoa agertu duen Txileko Triplei taldeak soldatetan "sakrifizioak" egin beharko direla aurreratu die langileei, beraiekin bildu eta gero.  Langileek ezagutzera eman dutenez, 

txiletarrek papergintzaren negozioan inbertsioak egingo dituztela helarazi diete. Halere, egin dieten proposamena oraindik zehaztu gabe dagoela ohartarazi dute. Hilaren amaierako espero dituzte xehetasun gehiago, Triplei taldeko arduradunek irailaren 25aren bueltan bigarren bilera bat egingo dutela iragarri baitute. 

Hartzekodunen konkurtsoan dago une honetan  papergintzaren alorrean aritzen den CEL Taldea.  

Bertan lan egiten duten 254 langileetatik 230 kaleratuko zituela iragarri zuen enpresak, uda baino lehenago. Orduan, Gueñesen eta Zallan (Bizkaia) dauden lantokiak ixteko asmoa agertu zuen, eta Artziniegan dauden bi lantokietatik soilik bat irekita mantenduko zutela esan zuten.    

Argindarrik gabe

Momentuz, egoera argitu bitartean, argindarrik gabe eta lehengairik gabe jarraitzen dute lantegietan. Enpresa batzordeak kaleratutako agiri baten arabera, 2016an 62 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen CELek. Langileen  ustez, enpresak etorkizuna du. Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu dute ere.  "Gu sinetsita geunden erakundeek zerbait egingo zutela". Jaurlaritzak zituen akzioen %40 besterendu zituela salatu dute langileek, "finantza-erantzunkizunak saihesteko".

Udan zehar langileek mobilizazioak egin dituzte, eta irailaren 17rako manifestazioa egingo dutela iragarri dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago