Change.org plataformaren bitartez abiatu du Gonzalo Faustmann, Irune Faustmannen aitak Espainiako trenbide legedia aldatzeko sinadura bilketa. Dagoeneko 300.000 babes inguru lortu ditu eskaerak. "Gure alaba Iruneren harrapaketa bezalakorik berriro gerta ez dadin; alda dezatela segituan trenbide legedia" eskatzen du Arrigorriagako gaztearen familiak online plataforman.
Hemeretzi urteko alaba 2016ko irailean zendu zen. Bilbotik zetorren trenetik jaitsi zen, Aretan, eta trena abiatu zenean beste aldera pasatzen hasi zen; ez zuen ikusi beste aldetik merkantzia tren bat zetorrela, eta horrek aurretik eraman zuen. Zenbait lekukoren eta familiaren arabera, heriotzaren atzean geltokiaren "arriskugarritasuna", eta "segurtasun akatsak" egon ziren. Izan ere, Aretako geltokiaren ikusbidea oso txarra da, eta megafoniatik ez zuten behar bezala ohartarazi merkantzia-trena pasatu behar zela.
Iruneren familiarentzat kolpe larria izan zen –hala aitortu du aitak Stop Arrollamientos blog-ean–; alta, borrokatzea erabaki dute: "Baliteke soilik mina eta frustrazioa sortzea, baina gauzak aldatzeko gure eskuetan dagoen guztia egin behar dugu, jendeak ezagutu ditzala arriskutsuak diren tren geltokiak, Espainiako Sustapen Ministerioaren pasibotasuna, eta trenbide enpresen inpunitatea".
Iruneri gertatutakoa berriro ez gertatzeko eta arriskuak murrizteko, familiak uste du nasen arteko pasabideak lurperatu behar direla: "Espainiako Estatuan, 433 geltokietan, bidaiariek nasak zeharkatzeko, trenbidea gainetik gurutzatu behar dute". Horrelako geltokietan, azken hamar urteetan, 46 lagun harrapatu dituztela nabarmendu dute.
Pasabide hauek guztiak lurperatzen dituzten bitartean, behin behineko neurriak hartzea galdegin dute senideek: semaforoak eta hesiak jarri, begiraleak kontratatu…
Ardurak
Halaber, istripuen kalteak arintzeko bestelako neurri batzuk planteatu dituzte. Espainiako Sustapen Ministerioak biktimen senideak artatzea nahi dute –ez orain gertatzen den bezala trenbide konpainiek–. Modu horretan haiek pairatu duten "isiltasuna" ekiditea bilatzen dute. Era berean, hildakoak eragiten dituzten istripu guztiak "istripu larria" bezala kontuan hartzea nahi dute, eta beti ikerketa abiatzea.
Bidaiariak trenbide-txartela tornuan sartu, eta geltokitik ateratzen den arte Derrigorrezko Asegurua (SOV) indarrean egotea ere eskatzen dute, eta "kutxa beltzak" babesteko araudi bat onartzea.