Ikasleek proposamenak helarazi dizkiote Udalari

Juanma Gallego 2017ko mai. 29a, 12:00
Amurrioko alkatearekin bildu dira ikasleak, herriko paisaia hobetu aldera. | Aiaraldea.eus

Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan, Amurrio jasangarria lortzeko ideiak bildu dituzte

Hainbat neurri proposatu dituzte Virgen Niña, Zabaleko, Aresketa ikastola, Zaraobe institutua eta Lukas Rey ikastetxeetako ikasleek herriko paisaia hobetzeko. 

Ikasleen ordezkaritza bat ostegunean bildu da Josune Irabien Amurrioko alkatearekin, eta hor azaldu dizkiote haien proposamenak. Ikasleek urtean zehar egindako hausnarketaren emaitza dira ideia horiek. 

Eskolako Agenda 21 programaren baitan egin dute gogoeta. Ekimen horrek garapen jasangarria sustatzea du helburu, beti ere udalerrietan hartu beharreko erabakietan ikasleen parte-hartzea bermatuz.  

Guztira, 29 proposamen aurkeztu dituzte. Ez dira geratu, ordea, orokortasunetan: proposamen zehatzak dira. Adibidez, Nerbioi ibaiaren kutsadura ekiditeko, araztegia "ahalik eta lasterren" eraikitzea eskatu dute. Bestetik, telefono zutoinak eta elektrizitate-kableak lurperatzea, faroletan sentsoreak jartzea -"pertsonak pasatzen direnean argi-intentsitatea handitzeko"- edota paperontziak koloreztatzea proposatu dute, "umeentzat erakargarriagoak izan daitezen".  

Betebeharrak ere 

Udalari etxeko lanak jarteaz gain, ikasleek hainbat konpromiso ere hartu dituzte.  Guztira, 14 puntutan bildu dituzte ideia horiek.

Kasu honetan ere, ekimen zehatzak dira mahai gainean jarritakoak. Zaborren inguruko kezka handia da, horretara bideratzen baitira hainbat ideia.  Adibidez, zabor kopurua gutxitzeko, "ahalik eta gehien bereizten eta birziklatzen" saiatuko direla diote, eta konposta ere egingo dute.

Halere, "pentsatu globalki eta ekin lokalki" filosofiaren baitan, ikasleek ez dute ahaztu Amurrio baino harago joan daitezkeela ekintzak. Laugarren konpromisoak biltzen du ideia: "Erosketak egiterakoan, etiketetan aztertuko dugu produktuen jatorria, bertako, estalkirik gabeko eta, ahal bada, modu ekologikoan sorturiko produktuak aukeratzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide