Uztailean amaituko dituzte Laudioko Kasinoa zaharberritzeko lanak

Juanma Gallego 2017ko mai. 19a, 12:00
”Zaharberritze zientifikoa" erabili dute eraikina berritzeko, jatorrizko egitura arkitektonikoak errespetatuz./ Quintas

Milioi bat euroko inbertsioa egin dute eraikin historikoa berritzeko, baina terraza erabilgarria ez izateak polemika piztu du.

Lamuza parkean dagoen Kasinoaren zaharberritze lanak uztailean bukatuko dituztela aurreikusi du Arabako Diputazioak, ohar batean jakinarazi duenez.

Bertan egiten ari diren lanak gertutik ezagutzeko bertaratu dira, pasa den astean, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia eta Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo saileko foru diputatua, eta orduan jakinarazi dute lanak bukatzeko aurreikusten den data.

Diputazioak milioi bat euroko inbertsioa egin du Laudioko eraikin historikoa berritzeko. Urte luzez hutsik eta egoera kaskarrean egon eta gero, orain kultur jardueretara bideratuko dute kasinoa.

1927an hasi zen etxearen eraikuntza, Urkijoko markesek aginduta. Luis de Landetxo Superundako kondeak egin zituen jatorrizko eraikinaren planoak, eta horiek izan dituzte abiapuntu gaur egungo zaharberritzaileek eguneratze lanak burutzeko. Horrez gain, argazki zaharrei ere erreparatu diete.

Luis de Landetxok eraikinaren aurrean dagoen urmaela ere egin zuen, etxearen aurrealdea bertan isla zedin. Horrela, jauregiaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen.

Inbertsio berriak

Musika etxea ere zaharberritzeko asmoa du Diputazioak, eta hori burutzeko proiektua egina omen dago. Bestetik, Lamuza parkean dauden beste zenbait eraikinetan ere hobekuntzak egingo dituzte. Kultur etxean berokuntza sistema berria jarriko dute, eta teilatua zein leihoak ere berrituko dituzte.

Harrizko frontoiari, bestalde, estalki bat jarri nahi diete, kirol jardueraz gain, bertan ekitaldi kulturalak ere egin daitezen. Halere, azken bi egitasmo hauen proiektuak egiteke daude. Diputatu nagusiaren arabera, kultur etxearen lanak 2018ko hasieran hasiko lirateke.

Baina kritikak ere azaldu dira. SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak salatu duenez, herritarrek ezin izango dute erabili goiko terraza, Jose Luis Caton arkitektoaren proiektuak ez baitu horretarako aukerarik ematen.

Arrazoia lanak burutzeko erabili den sisteman omen datza: "zaharberritze zientifikoa" egiteko estrategia jarraitu du Diputazioak. Horrek esan nahi du jatorrizko egiturak dauden moduan mantendu direla, eta, ondorioz, terraza ez dela gai izango jende asko bertan egoteko, horrek pisu gehiegi suposatuko lukeelako. Herri plataformak, ordea, jatorrizko egiturak sendotzearen eta terrazaren erabilera bermatzearen aldeko apustua egin du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide