alea.eus

Aiarako oholtza zaharberritu dute Chicagon

Juanma Gallego 2017-05-08 16:36   Kultura  Aiaraldea

XX. mendearen hasieran saldu zuten Kexaako serorek haien komentuan zegoen Erdi Aroko erretaula, eta 1928. urtetik aurrera Chicagoko Arte Institutuan izan da ikusgai. Museoak oholtza zaharberritu du orain, jatorrizko xarma berreskuratuz.

Aiarako oholtza zaharberritu dute Chicagon
Hamabost irudik osatzen dute artelana, eta Jesukristoren bizitzaren pasarteak azaltzeaz gain, oholtza eskatu zuten pertsonen irudiak ere agertzen dira | Ikusi handiago | Argazki originala

Bere kapera txukuntzeko oholtza eskatu zuenean, ziur Pedro Lopez Aiarakoak (1322-1407) ez zuela irudikatzen seiehun urte geroago bere familiaren irudia itsasoaren bestaldean agertuko zenik. Non eta kontinente ezezagun batean! Baina hala izan zen. Beste artelan askok bezala, Aiarako oholtza deritzonak erbesterako bidea hartu zuen. Chicagoko (AEB) Arte Institutuan dago orain, eta, duela gutxi, goitik behera zaharberritu dute.  

1913an saldu zuten artelana Kexaako San Juan Bautistako domingotarren komentuan zeuden serorek. Garai latzak ziren, eta ondarea babesteko legerik ez zegoen. Juan Antonio Gaya Nuño arte historialariaren arabera, Lionel Harris antigoalekoen merkatariak erosi zuen oholtza, garaiko 30.000 pezetaren truke. Oso baldintza kaskarretan omen zegoen, eta arte merkatariek horri probetxua atera zioten. Gure artean kasu gutxi izan baziren, Espainian negozio handia egin zen salerosketa horiekin.  

Artearen espekulatzaile horien artean ospetsuena Arthur Byne izan zen, William Randolph Hearst enpresari ezagunaren izenean  –Kubako guda abiatu zuen– ondare artistiko itzela erosi zuena.  Kexaako oholtzaren kasuan, berriz, Londresen egindako enkante batean eskuratu zuen artelana Charles Deering enpresariak. Hearts ez bezala, Deering arte kontuetan gizon jantzia izan zen, eta Katalunian urteak eman zituenez, bertan arteari eskainitako gune bat eraiki nahi izan zuen: Sitges hiriko Maricel jauregian, hain zuzen. Proiektuak, ordea, ez zuen aurrera jo, eta Aiarako oholtza Ameriketako Estatu Batuetara bueltatu zen. Deeringen alabek jaso zuten oinordetzan, eta hauek Chicagoko Arte Institutuari eman zioten 1928an. 

Iazko udan Chicagoko Arte Institutuko Martha Wolff adituak Gasteizko Apezpikutzara jo zuen Kexaako dorretxeari buruzko informazioa eskatzeko. Museoan eraberritu behar duten areto baterako bideoa grabatu nahi zuten. Urrian egin zuten grabazioa, eta Interneten jarri dute, Vimeo plataforman.  

Susana Aretxaga Elizbarrutiko Ondare Ordezkariak artatu zituen bisitariak. "Ondare hori jada gurea ez bada ere, Atlantikoaren beste aldean Araba ezagutarazteko aitzakia ematen du kolaborazioak", nabarmendu du Aretxagak. Urte askoan komentu horren kapilaua izandako Hipolito aitarekin harremanetan jarri zituen bisitariak, eta, era berean, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa ezagutzera ere eraman zituen. 

Chicagoko museoan bi aldiz izan dela argitu du adituak. "Museo hori, familiako dohainen bidez osatu zen, eta bilduma irizpide horren arabera antolatuta zegoen. Ez zen, beraz, batere erraza artelana topatzea. Orain, berriz, Europako arteari eskainitako gune berri batean jarri dute oholtza, eta bertan sartzean ikusten den lehena da".   

Artelanaren garrantzia nabarmendu du Aretxagak. "Oso irudi ederrak ditu, gotiko lineal estilokoak. Garai horretan, kristautasunean zisma bat izan zen, eta Avignonen aita santuak ezarri ziren. Artistarik nagusienak bertan izan ziren, eta Aiarako kantzelariaren familiako bat ere Avignonen kardinala izan zen".

Erretratuak 

Salbazioaren historia kontatzen da erretaulan. Ohikoa denez, Kristoren jaiotza eta pasioa azaltzen dira, baina aldeetan dohaintza egin zutenen irudiak ere agertzen dira.  

Ezkerraldean Pedro kantzilerra eta Fernan bere semea azaltzen dira. Eskuinaldean, berriz, haren emazte Guzmaneko Leonor eta erraina zuen Sarmientoko Maria azaltzen dira. "Hau garrantzitsua da, Erromatarren garaietatik galdua baitzegoen erretratuaren ohitura, eta hemen berriro agertzen dira", azaldu du Aretxagak.  

1396. urtean eskatu zuten artelan originala. Orain Kexaan ikusgai den margolana, berriz, 1959an egindako kopia bat da. Cristobal Gonzalez de Quesada arduratu zen lan hori egiteaz. Garaiko Pradoko Museoko (Madril) zaharberritzaile nagusia zen Gonzalez de Quesada.  

Berritze lanak 

Julie Simek zaharberritzaileak azaldu dio aleari zertan izan den egindako lana. "Erronkarik handiena erretaularen gainean zegoen marroi-horixka koloreko margo geruza lodia kentzea izan da. Geruza hori krema koloreko hondoan izandako galera estaltzeko jarria zuten, eta museora heldu baino lehenago egin zuten. Baina margo originala argitsuagoa eta arinagoa zen. Beraz, zaharberritze hori egin zutenak ez ziren gehiegi ahalegindu kolore originala errespetatzen". 

Adituak esan duenez, ez dakite lehen estaltze hori noiz egin zuten, baina susmoa dute hori 1913ko salmenta baino lehenago egin zutela, artelana "txukuntzeko". Zaharberritze laborategian ondorioztatu dutenez, geruza originala tenperaz margotu zen, eta estalketa egiteko geruza, berriz, olioan oinarritu zuten. "Hau zaharberritze prozesurako albiste ona izan zen, bitarteko ezberdinak izanda, errazagoa izan baitzen garbitzeko teknika egokiena hautatzea. Horrela, olioan oinarritutako margoa disolbatzen duen eta tenpera errespetatzen duen garbiketa teknika baliatu genuen. Geruza kenduta, tonuen harmonia berreskuratu artelan originalaren distira azaleratu dugu berriro ere".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa