Araztegietako hondakinetarako erabili nahi dute Bitorika harrobia

Mirian Biteri 2017ko urt. 21a, 08:00

Diputazioak Amurrio eta Laudioko araztegietako obretarako erabiltzea proposatu dio Madrili.

Basaurbeko (Laudio) eta Markijanako (Amurrio) araztegien eraikuntza azkartzeko asmoz, proposamen berria helarazi dio Arabako Diputazioak Madrilgo Ingurumen ministerioari. Hain justu ere, bi eremu horietako lurren mugimenduetatik eta obretatik ateratako hondakinak Bitorikako harrobian uzteko proiektua igorri dio; Ingurumen ministerioak ez luke erabilera horregatik ezer ordaindu beharko, bada, trukean, betetzea amaitzean, harrobia lehengoratzeko konpromisoa hartu dezan eskatzen dio erakunde arabarrak.

Hogei urteko atzerapena

Madrilgo Gobernuari dagokio esandako lan horiek egitea. Herrialdeko eta tokiko administrazioek behin baino gehiagotan salatu dute aipatu azpiegiturek hogei urteko atzerapena dutela. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez izan da gaiari buruz hitz egiten azkena; pasa den astean obrak ahalik eta azkarren egitearen beharra azpimarratu zuen, uren kudeaketaren araudia ez betetzeagatik, Europatik isuna heldu baino lehen.

Obren inguruan aurretik egindako Ingurumen txostenean bertatik ateratako hondakinak uzteko toki falta nabarmendu zuten. Diputazioaren proposamen berriarekin arazo hori konponduko litzateke, aurreikuspenen arabera, hondakinen %90 Bitorikako harrobiak hartzeko gaitasuna duelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide