Hemeretzi urteko emakume bat hil zen irailaren 5ean, Laudioko Aretako geltokian, tren batek aurretik eramanda. Bilboko trenetik jaitsi, eta trenbide gaineko pasabidea gurutzatzen ari zen merkantzia tren batek harrapatu zuenean. Gaztearen gurasoak akusazio partikular gisa aurkeztu dira istripua ikertzen ari den auzian. Heriotzaren atzean geltokiaren "arriskugarritasuna" eta "segurtasun akatsak" daudela ohartarazi dute, komunikatu batean.
Halaber, istripuaren ondorengo egunetan zenbait hedabidek zabaldutako informazioa ukatu du familiak, alegia istripuaren momentuan gaztea mugikorretik hitz egiten ari zela edo entzungailuak jantzita zeramatzala. "Gezur handia da –esan du familiak–; informazio horiekin istripuaren benetako erantzuleek ardura saihestu nahi dute". Gurasoek nabarmendu dutenez, Irunek ez zuen "arinkeriaz" jokatu: "Istripuaren momentuan jazo ziren segurtasun hutsegiteengatik hil da".
Emakumearen heriotzaren zergatiak argitzeaz gainera, gurasoek "segurtasun neurri irrigarriak hobetzera" behartu nahi dituzte Adif eta Renfe, "saihestu daitezkeen ezbeharrak berriro ez gertatzeko". Horregatik, hain zuzen, jo dute epaitegietara.
Auzi judizialaren harira, familiaren abokatuak ALEAri adierazi dio Amurrioko epaitegiak aurretiko diligentziak zabaldu dituela istripua ikertzeko, eta datuak biltzen ari dela irailaren 5ean gertatutakoaren inguruan. Merkantzia trenaren arduraduna den Comsa enpresari, Renferi eta Adifi segurtasun neurrien inguruko eta geltokiaren azpiegituren inguruko informazioak eskatu dizkie. Halaber, lekukoen testigantzak jasoko ditu. Une honetan, abokatuak azaldu duenez, ikerketa zabalik dago eta ezin da gehiago zehaztu.
Abisurik ez, lekukoen ustez
Sei lagun jaitsi ziren Bilboko trenetik Irunerekin batera, eta nasa bere atzetik zeharkatu zuten. Juanjo Basterra izan zen istripuaren lekuko, eta tren geltokiaren segurtasun neurriak auzian jarri ditu. Basterraren esanetan, Aretako tren geltokiaren ikusbidea oso txarra da; bi tren gurutzatzen direnean, urruntzen den trenaren azken bagoiek ezkutatzen dute sartzen ari den trena. "Bilbotik datorren trenetik jaitsi ginen, eta trena abiatu zenean beste aldera pasatzen hasi ginen; ez genuen ikusi beste aldetik merkantzia tren bat zetorrela, joaten ari zen trenak ezkutatu zuen. Neska izan zen lehena pasatzen, ez zuen ikusi beste aldetik tren bat zetorrela, eta aurretik eraman zuen. Iruneren aurpegia gogoan iltzatuta dut oraindik. Une batean pentsatu nuen beste aldean egongo zela, nasatik bi oinkadara geratu baitzen".
Basterraren esanetan, istripua gertatu zen unean tren geltokiko kartelak ez zuen esaten merkantzia tren bat pasatu behar zenik, eta megafoniatik ere ez zuten ohartarazi. "Gu trenetik jaitsi ginenean Aretako kartelak ez zuen merkantzia trena sartu behar zela jasotzen; 8 minutu Abando jartzen zuen. Megafoniatik ere ez zuten ohartarazi geldialdirik egingo ez zuen merkantzia tren bat sartuko zela. Ziur naiz; –dio Basterrak– gu jaitsi ginen momentuan ez zuten ezer esan, baliteke lehenago esatea, baina gu beste aldera pasatzeko zain geunden momentuan megafoniatik ez zuten ezer esan". Haatik, Basterraren esanetan, istripuaz geroztik, Renfe hasi da geldialdirik gabeko trenak pasatzen direnean megafoniatik abisatzen, "baina ez da ohikoa; marketin kanpaina egiten ari dira, inoiz ez dutelako halako maiztasunarekin egin".
Entzungailuak, poltsan
Bestalde, lekukoak ukatu du Irunek entzungailuak eramaten zituenik. "Hori ez da egia, guk ikusi genuen eta ez zituen eramaten, are gehiago Ertzaintzaren ikerketak berak jasotzen du entzungailuak neskaren poltsan aurkitu zituztela".
Trenbidearen gaineko pasabideek dakarten arriskuaz ohartarazi du Basterrak. "Ez da lehenbiziko aldia ezusteko bat izaten dugula geltoki honetan. Hemen arazoa bikoitza da, batetik segurtasun falta dago nasa batetik bestera igarotzeko orduan, eta, bestetik, langileak kendu eta makinekin ordezkatu dituztenetik arriskua handitu egin da, makinek ez dutelako arriskua aurreikusten". Automatizazioa Renfek eta Adifek azken urteetan egin dituzten murrizketen ondorio bat da.
Egoera honen inguruan aspaldi kezka agertu dute zenbait erakundek. Hartara, Arartekoak 2010ean eginiko txosten batean pasabidearen "arrisku handiaz" ohartarazi zuen. "C-3 lineako geltokien erdiak gainazaleko derrigorrezko pasagunea du nasen arteko joan-etorrirako; hau da, ez dute eraikuntza elementurik edota mekanismorik trenbideetatik ibili behar izatea saihesteko. Hori bere horretan arrisku handia bada ere edozein erabiltzaileren segurtasunerako, are arazo larriagoa bihurtzen da mugikortasun urriko pertsonen kasuan". Txosten horretan Arartekoak nabarmendu zuen "presazkoa" zela neurriak hartzea, eta Adifek plan bat martxan jartzeko gomendatzen zuen.
Adifen promesak, epe gabe
Aretako istripua jazo ondoren, Adifek adierazi du Aretako geltokian pasabide egokiago bat jartzeko asmoa duela. Horretarako proiektu bat garatuko duela esan du enpresak, eta egitasmo horretan zehaztuko dituela zein pasabide alternatibo izango duten bidaiariek. Eperik, baina, ez dute zehaztu.
Hilabete honetan bildu dira Aiaraldeko arduradun politikoak eta alkateak Renfe eta Adif enpresetako ordezkariekin. Eskualdeko trenbideak eta tren-geltokiek dituzten "segurtasun eta irisgarritasun" gabezien inguruan mintzatu dira. Esan bezala, bi enpresetako ordezkariek adierazi dute aurreikusi dutela hainbat obra egitea aipatutako gabezia horiei aurre egiteko. Nabarmendu dute Aretako geltokian zenbait berrikuntza egingo dituztela, irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeari begira. Iragarri dute baita azpiegituretan eta argiztapenean hobekuntzak egingo dituztela, baina ez dute zehaztu nasa batetik bestera joateko dagoen trenbide gaineko pasabidean zer nolako aldaketak egingo dituzten. Proiektua hurrengo urterako amaitzea aurreikusi dute.
Laudion hainbat obra egingo dituztela jakinarazi dute, bestalde, Renfe eta Adifeko ordezkariek. Igogailu berri bat jarriko dute, geltokirainoko irisgarritasuna bermatzeko, beste berrikuntza batzuen artean. Obra horren proiektua 2017rako amaituta izatea aurreikusi dute baita. Eskualdeko gainontzeko geltokietan ere gauzatuko dituzte zenbait berrikuntza. Nasatik trenera bitarteko irisgarritasuna bermatzeko obrak egingo dituzte, besteak beste.