Eli Pinedo Sanz (Amurrio, 1981) eskubaloi jokalari ohia da. Aurreko abuztuaren 25ean bere erretiroaren berri eman zuen 17 urtez eskubaloi profesionalean aritu ondoren. Bere ibilbidean talde askotan jokatu izan du, Bera Bera eta Itxako talde euskaldunetan besteak beste, eta Espainiako Selekzioarekin lorpen ugari eskuratu ditu. Nabarmenena: Londreseko Joko Olinpikoetan lortutako brontzezko domina.
Zein izan zen eskubaloiarekin izan zenuen lehen kontaktua?
Lehen kontaktua ikastetxean izan nuen batez ere. Gero kadete eta gazte mailan aritzeko Eibarrera joan behar izan nuen, Aiaraldean ez baitzegoen talderik. Profesional mailan Donostian jarraitzeko aukera izan nuen gero.
Kadete eta gazte mailetan Amurrion bizi nintzen oraindik eta astean zehar hiru entrenamendu izaten nituen, asteburuko partidaz gain.
Nola bizi izan zenuen Bera Bera taldean izan zenuen debuta 1999 urtean?
Aldaketa nabarmena izan zen, kadete eta gazte mailetan lagunekin disfrutatzea baitzen nire helburua. Baina 18 urterekin debutatu nuenean kirola serioago hartu nuen, kirol profesionalak eskaera handiagoak baititu.
"Hasiera gogorra izan zen, baina urteak aurrera joan ahala ikusten joan nintzen eskubaloi profesionalak duen erakargarritasuna"
Horrekin bat Donostian hasi nintzen ikasten eta eskubaloian bertan jokatzen nuenez, hiri horretan hasi nintzen bizitzen.
Danimarkan jokatzeko aukera izan zenuen. Nola bizi izan zenuen esperientzia hura?
Nire ametsetako bat izan da betidanik Danimarkako ligan jokatzea, bertako emakumezkoen liga Europako onenetarikoa baita. 2010 urtean bertara joateko aukera izan nuen, Odensera, eta esperientzia polit eta aberasgarria bizi izan nuen bertan.
Egunerokotasunean ingeleraz mintzatzen aritu behar izaten nintzen. Bertako jendeak ondo menperatzen zuen ingelera eta horrek asko lagundu ninduen. Bertako kultura ezberdina izan arren, herrialde ederra da Danimarka. Gauza asko ikasteko aukera izan nuen bertan.
Espainiako Ligan ere hainbat lekutan egon zara: Donostian, Eibarren, Valentzian... zein leku nabarmenduko zenuke?
Donostia akaso, betidanik Gipuzkoako hiria nire etxetzat sentitu izan dut eta Bera Beran hasi eta amaitu dudanez Donostia nabarmenduko nuke.
Hala ere, beste lekutan egotea oso aberasgarria izan da niretzat, leku ezberdinetako egoerek gauza asko irakatsi baididate. Eskubaloi mota ezberdinak ezagutzeko aukera izan dut eta hori oso garrantzitsua izan da nire ibilbidean.
Espainiako Selekzioarekin ibilbide paregabea egin duzu. Aldagelan zenuten giroa paregabea dela azpimarratu duzue askotan. Nola lortu zenuten hori?
"Selekzioan taldekideen arteko harremana oso estua izan da bai talde barruan eta baita taldetik kanpo. Harreman horri esker, taldearen helburuak lortzeko bidea askoz errezagoa izan da guretzat"
Gauzak gaizki ateratzen zirenean gertutasun horrek asko laguntzen ninduen. Alde horretatik egon naizen taldeetan zorte handia izan dut nik.
Euskal taldeetan -Itxakon eta Bera Beran- euskara erabiltzen zenuten normalean?
Bai, erabili izan dugu. Urte askotan Reyes Carrere entrenatzaile euskalduna izan genuen eta harekin euskaldunok euskaraz aritzen ginen.Taldekideen artean ere, ia denok euskaldunak izanik, euskara izan da gure hizkuntza. Egia da kanpoko jendea ere egon dela jokatzen gurekin; eurekin erdaraz egiten genuen, noski.
"Hala ere, euskara arma gisa ere erabiltzen genuen partiduetan"
Kanpotarrek hiruzpalau esaldi tekniko ikasten zituzten euskaraz, gero partidetan erabili ahal izateko. Horrela aurkariek ez zuten ulertzen eta hizkuntza arma moduan erabiltzen genuen.
Ibilbide luze baten ostean, erretiratzeko erabakia hartu duzu. Nola izan da erabakitzeko unea?
Nik bakarrik erabaki nuen, inongo laguntzarik gabe. Zaila izan da niretzat, baina baita hunkigarria ere, hainbat omenaldi izan ditudalako. Mila mezu jaso izan ditut pertsona askoren aldetik eta ziragarria izan da hori guzti hori.
Jasotako guztiagatik eskerrak eman nahiko nizkieke heurei. Azkenean, espero nuena baino askoz ere handiagoa izan baita oihartzuna eta guzti hori oso hunkigarria izan da.
Etorkizunean eskubaloiari lotuta jarraitzeko asmoa duzu?
Hori gustatuko litzaidake, behintzat. Ez dakit nola, baina asko gustatuko litzaidake. Hainbeste urte kirolarekin harrema izaten eta emakumezkoen kirola defendatzen ibili ondoren, kirol arloan lanean jarraitzea asko gustatuko litzaidake.
Kiroletik aparte, arropa izen berri bat sortu dut, arropa ekologiokoa saltzen duena, ‘London 717’ izenpean. Orain horretan nago lanean eta aurrera jarraitzeko asmoarekin.
Horrekin batera Pedagogia ikasi nuen unibertsitatean eta orain horrekin lotutako master bat bukatu berri dut. Hainbat bide jarraitzeko aukera dut eta hemendik aurrera zer egingo dudan erabakiko dut. Momentuz arropa markarekin jarraituko dut lanean.
Kirol askotan nabarmena da gizonezko eta emakumezkoen arteko aldea. Nola bizi izan duzu alde hori eskubaloiaren munduan?
Nahiz eta aurrerapausoak eman diren emakumezkoen kirolan, oraindik aldea dago gizonezko eta emakumezkoen artean. Hala ere, nik beti pentsatu eta esan dut ni pribilegiatu bat izan naizela.
"Nahiz eta soldaten aldea handia izan, oso zoriontsua izan naiz nire kirol ibilbide osoan zehar. Nire ustetan, nire ligan jokatzen ari diren emakumezko jokalariek pasioagatik jokatzen dute eskubaloian"
Hori dela eta, espero dut urte gutxi barru benetazko berdintasun horretara heltzeko pauso gehiago ematea eta gero eta hurbilago egotea berdintasun horretatik.