Azken asteotako istripuak salatzeko lanuzteak egin dituzte Tubacexen

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko uzt. 19a, 18:48

Lanuzteak egin dituzte Laudio eta Amurrion.

Bi orduko lanuzteak egiten ari dira Laudion zein Amurrion eta jarraipena erabatekoa izaten ari dela azaldu dute erakunde sindikalek.

Mobilizazioak 12:00etan abiatu eta 14:00ak arte luzatuko dira goizeko txandan. Arratsaldeko txandako beharginak 14:00etatik 16:00ak arte deitu dituzte sindikatuek eta gauekoak 22:00etatik 24:00ak arte elkartuko dira lantegietako ateetan.

Bi istripu larri

Sindikatuek salatu dute azken asteotan sei istripu baino gehiago gertatu direla eta bi larriak izan direla. Horien artean emakume batek zauriak izan zituen eskuan Amurrioko faktorian lanean ari zela; garabi batek jo zuen eta uste dute handia dela eskuan mugikortasuna galtzeko duen arriskua.

Laudion, aldiz, duela bi aste 50 urteko gizonezko batek peronea apurtu zuen eta lotailu haustura eta orkatilan luxazioa izan zuen, besteak beste.

Bi langileak aldi batekoak ziren, gizonezkoaren kasuan astebete soilik eman zuen lanean. Kasu batean zein bestean, sindikatuek prekarietateari eta trebakuntza ezari leporatu diete istripuen ardura. Izan ere, egun gutxiko aldi baterako kontratuak ugaritu dira Tubacexen azkenaldian eta langile berriek trebakuntza gutxi jasotzen dute. “Duela gutxi langile berriak bi hilabetez beste langileekin aritzen ziren postua ondo ezagutu arte. Orain, lehenengo astean bakarrik uzten dituzte”, ziurtatu du langile batzordeko ordezkari batek.

Erradioaktibitatea

Aipatutakoaz gain, erradioaktibitateari lotutako gertakaria izan dute. Laborategian gai erradioaktiboa topatu zuten eta Jaurlaritzaren esku-hartzea beharrezkoa izan zen. Jazotakoa ez zen larria izan, baina ikuskaritza faltagatik izan zen. Sindikatuko kide batek esan du laborategiko makinen ikuskaritza ez dela guztiz bete.

Zuzendaritzaren erantzuna

Tubacex eta Aceralava enpresako zuzendaritzak oharra kaleratu du adierazteko "guztiz ezustean" gauzatu direla lanuzteak. Zuzendariek gaineratu dute 2013tik 5 milioi euro baino gehiago inbertitu dituztela segurtasun eta prebentzio aroletan. Horren adibide dira, zuzendaritzaren aburuz, emandako segurtasun trebakuntzarako 17.000 orduak. Enpresak gaineratu du merkatua oso egoera larrian dagoela eta horrelako mobilizazioek lantegien izen ona zalantzan jartzen dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago