San Prudentzio 2016

Aiaraldean ere lehertu da festa

Itsaso Estarrona 2016ko api. 26a, 10:33

Argazkia: Aiaraldea.eus

Jai-giroan murgilduta dago Aiaraldea eskualdea: Aiaran, udalerriko festak ospatzen ari dira San Prudentzioren omenez, eta beste herri batzuetan, Amurrion eta Laudion kasu, Arabako patroiaren ospakizunekin bat egin dute.

Arabako patroia bakarrik ez: Aiara udalerriko zaindaria ere bada San Prudentzio; hori dela eta, bertako jaiak ospatzen ari dira apirilaren 17az geroztik aiararrak. 

Prontxi barraskiloa da jaietako maskota, eta hain zuzen Prontxi izeneko mendi-martxarekin abiatu zuten festa-egitaraua duela bi igande. Ibilaldiaren lekukoa hartu, eta pregoia eskaini zuen pasa den ostiralean Lantenoko arte-eskolak. Txupinazoa bota zuen ondoren Erbi herriak eta, jarraian, udalerria osatzen duten gainerako 23 herriek suziria jaurti zuten ere. Denetariko hitzorduak izan dituzte ordutik aiararrek: kontzertuak, kirol-txapelketak, argazki-erakusketa, txakurren erakustaldia, txorizo-jana eta euskal dantzak tartean. Hiru eguneko atsedenaren ondoren, apirilaren 28an ekingo diote berriz  programari, haurren danborrada eta erromeria doinuekin. 

Amurrion eta Laudion, barraskiloak

Aiaraldea eskualdeko beste herri batzuetan arabar lurraldeko ospakizunekin bat egiten dute. Laudion, Rakatapla elkartearen ekimenez hasi ziren erretreta eta danborrada antolatzen 1983an, eta ordutik ezinbesteko hitzordu bilakatu dira, baita maiatzaren 1eko barraskilo-plateren lehiaketa ere. Laudioko ikastolak, bestalde, haurren danborrada antolatzen du; hain zuzen, pasa den ostiralean egin zuten, arrakastaz. 

Amurrion, 27an bertan egingo dituzte umeen danborrada eta danborrada orokorra; barraskilo-janarekin amaituko dute eguna. 

Lautadan, Dulantzin ospatzen dute

Arabako Lautadan ere danbor-hotsak entzun dira egunotan: Dulantzik danborrada ospatu zuen pasa den larunbatean (apirilaren 23an), Okeluko eta Bi Mila elkarte gastronomikoek antolatuta. Duela zortzi urte hasi ziren desfilea egiten, eta dagoeneko festa arrakastatsua da herrian.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago