Gazte Danbadan "esna" egotearen beharra aldarrikatuko dute

Mirian Biteri 2016ko mar. 23a, 11:00

Aintzina eta Ernai gazte erakundeen eskutik, Gazte Danbada izango da martxoaren 25etik 28ra bitartean, Laudion. 'Esna harrapa gaitzala da' aurtengo leloa, bestelako herri eredu baten aldeko borroka hauspotzeko asmoz antolatutakoa.

Aisialdia, kultura eskaintza eta eztabaida politikoa uztartzen dituen egitarau zabala prestatu dute. Hitzaldiei dagokionez, besteak beste, honako gaiak izango dituzte hizpide: gazte boterea, burujabetza, autogestioa, Euskal Estatuaren eraikuntza, independentzia, amnistia, Ipar Euskal Herriko errealitate instituzionala, internazionalismoa, Euskal Herria Zuzenean festibala, elikadura burujabetza, gazteek bizi duten prekarietatea, komunikazioa, hezkuntza, drogak, euskalgintza, kirola edo geopolitika.

Gonbidatutako hizlariak

Berbaldi horietarako, hainbat lagun gonbidatu dituzte hitza hartu eta eztabaida sustatzera, hala nola, CUPeko Anna Gabriel, Eskoziako hautagai Cat Boyd, Jule Goikoetxea feminista edo EH 11 Kolore aniztasunaren aldeko ekimeneko kideak.

Hitzaldiez gain, askotariko ekintzak izango dira topaketek irauten duten lau egunotan; tartean, zirku gunea, josten ikasteko saioa, xamurtasun eta dantza afrikarren tailerrak, agro-olinpiadak, serigrafia eta txantiloiak egiten ikastekoak, Ideiatik formara sorkuntza prozesua edo rap eta sendabelar tailerrak.
Bestelako kultura ekimenak ere izango dira; esaterako, Ez da kasualitatea bertso saioa, Erractus poesia saioa, espetxearen inguruko poesia emanaldia, Marx attacks antzerkia, zumba euskaraz, Lekeitioko Deabruak, Joseba B. Lenoir eta Olatz Salvador, elektrotxarangak, Aiaraldea Sound System, Electroswing eta performancak.

'Oholtza gainean bakerik ez'

Antolatzaileek iragarri dute musika eskaintza ere oparoa izango dela. Bi gune nagusi egongo dira aurten. Oholtza gainean bakerik ez! ekimeneko 27 talde igoko dira bi agertoki horietako batera, eta parte hartu duten beste hainbat taldek herritik zehar egingo den Rock Maratoian jotzeko aukera izango dute. Aitzinak, Ernaik, Haizebazterrakek eta Topatuk elkarlanean sustatutako dinamika da Oholtza gainean bakerik ez!, eszena gazte, berritzaile eta eraldatzailea egon badagoela erakusteko asmoz abiatua.

Karpa nagusian, berriz, honako musika taldeek joko dute ostiraletik igandera bitartean: Esne Beltza, Afu, Gatibu, Norte Apache, McOnak, Blaka, Sorkun, Non Servium, Arkada Social, Juantxo Skalariak, Ken Zazpi, Gose, Pixontxis, Belako, Las Tea Party eta Xutik.

Antolatzaileek nabarmendu dute eskaintzari (politikoa, aisialdia, otorduak, ondakinak..) eta antolaketari dagokionean, aldarrikatzen duten ereduarekin ahalik eta koherenteena izaten saiatuko direla: "Burujabetza aldarrikatzetik, edukiz jantzi eta praktikara eramatera".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide