Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortu dute

Itsaso Estarrona 2016ko ots. 17a, 13:19

Aisialdia, hezkuntza, kultura eta ekonomia arloko 40 erakunde bildu dira euskara normalizatzeko bilgune berrian.

 

Aiaraldean euskararen normalizazioan elkarlanean aritzeko, bertako Euskalgintza Kontseilua sortu dute 40 erakundek, tartean hogei ikastetxe, kirol eta kultura taldeak eta euskara elkarteak. 

Erakunde berriak adierazi du bere xedea dela Aiaraldeko euskararen normalizazioaren alde urratsak eman nahi dituzten eragile zein norbanakoen bilgune iraunkorra izatea, egiten den lanaren eraginkortasuna bilatzea, gogoetarako foroa osatzea, estrategiak gauzatzeko euskarriak sortzea, erreferente izatea eta instituzioekiko eta entitate pribatuekiko interlokuzio aktiboa izatea.

Ibilbide luzea

Eraketa batzarra pasa den ostiralean egin zuten (otsailaren 12an), Laudioko Kultura etxean, baina puntu horretara heltzeko, azken bi urteetan lan handia egin dutela adierazi dute Kontseiluko eledunek. Kontseiluaren funtzionamendu eta ezaugarritzea prestatzeaz gainera, azken bizpahiru hilabeteko egitekoa izan da elkarte ezberdinen atxikimendua eta parte-hartzea bideratzea, bai eta Aiarako Kuadrillako presiden-tearekin eta udaletako alkateekin zein euskara teknikariekin bilerak egitea egitasmoa aurkezteko eta Kontseilu honi babesa eman eta elkarlanean aritzeko gonbitea egiteko. Sustatzaileek adierazi dutenez, instituzioek harrera ona egin diote proiektuari eta datozen hilabeteetan Kontseiluaren eta 10 instituzio (Kuadrilla eta udalak) horien arteko elkarlan-esparrua zehaztu nahi dute.

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzean izango du hurrengo batzarra. Ordurako, talde eragileak 2016ko plangintza eta aurrekontua landu, elkartea legeztatu eta instituzioekiko hitzarmenak gauzatu nahi ditu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide