Euskal Herriko koba-sare luzeenetako bat, Aiaraldea azpian

Takomano espeleologia taldea (Aiaraldea.eus) 2016ko ots. 11a, 10:07

Araba eta Burgoseko bi haitzulo elkarren artean lotu, eta ia 70 kilometroko leize-sarea osatu dute Takomano espeleologia taldeko kideek, Euskal Herriko bigarren luzeena. 

Ponata Pagadiko leizea eta Burgoseko Rebollar II haitzuloa batzea lortu dute Takomano espeleologia taldeko kideek. Ia 70 kilometroko leize-sarea osatu dute, Euskal Herriko bigarren luzeena. Albisteak oihartzun handia izan du komunitate espeleologikoan, baita komunikabideetan ere.  

Balizko aukera hori urteetan baloratu da espeleologia taldeen artean, baina Takomano izan da gehien tematu dena, azkenean lortu duen arte. Taldekideak 2015eko urrian zein azaroan etengabe ibili dira lanean, aire korronte bortitzari jarraiki, harriak kendu eta kendu, benetako sator lana egiten.

Albisteak  soka luzea ekarri du komunitate espeleologikoan, baita ohiko hedabideetan ere. Kontua ez da gutxiagorako, Euskal Herriko eta Gaztelako espeleologia modernoari sekulako ekarpena egin baitio.

Gaztelan egoitza eduki arren, Aiaraldeko jendeak sortu zuen Takomano taldea duela sei urte, eta eskualdeko haitzuloetan dabiltza gehien bat.

 

Euskal Herriko koba-sare luzeenetako bat, Aiaraldea azpian from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.

 

Leize sare erraldoia

Gorobeleko SI-44 leizea izan da orain arte Ponata Leize sarearen  ohiko sarbidea. Bizkaiko Lendoñogoitiko lurretan dago. Arabako Espelologia Taldeko kideek 1983. urtean deskubritu zuten. Gorobelen dauden ehunka arrakaletako bat  gehiago izango zelakoan zeuden, baina zerion aire korronte bortitzak zuloa handiagoa egitera animatu zituen. Berehala konturatu ziren tamaina handiko leize sare baten aurrean zeudela, eta talde gehiagoren laguntza beharko zutela aurrean zuten erronkari aurre egiteko.

Ondorioz, Gorobelen hainbat alditan antolatu dira Euskal Espeleologia Jardunaldiak, garai haietako euskal taldeen arteko elkarlana ahalbideratuz.Esplorazioen emaitzak bata bestearen atzetik etorri ziren: Ponata erreka (zeinaren urak Kadaguara doazen); Arabako lehenengo sarbidea: (SI-57); Ispiluen Gela; Amaierako Sifoia (sareko punturik sakonena markatzen duena, 415m); Kobatako arroilako leizearekin (SR-7) bat egitea, Arabako bigarren sarbidea dena... Eta horiekin batera sarearen neurriak handiagotzen joan ziren: 13, 16, 27, 30, 40 kilometro...

Lurpeko ondare aberatsa

Aiaraldea eskualde pribilegiatua da eremu karstiko eta kobazulo kopuruari dagokionez. Gorbeia eta Gorobel dira mendi-multzo nagusiak. Kareharrizko mendiak izanik, harpez josita daude eta hamarnaka kilometrotako hodi sareek guztiz hustuta dute lurpea. Zentzu horretan, Euskal Herrian nabarmentzen da Aiaraldea. Esanguratsua da, esaterako, Ponata Pagadiko leize sarea bigarren luzeena izatea (Zuberoa eta Nafarroaren artean dagoen  80 kilometrotako San Martingo Harriko sarearen ostean) eta Espainiar Estatuko zazpigarrena. Gainera, Orozko da harpe gehien duen udalerrietako bat  (EAEko lehenengoa). Ezkutuko natura altxor erraldoiak dira, maitatu eta zaindu beharrekoak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide