Iritzia

Kulturgune euskaltzalea martxan jarri ahal izateko beharrezkoak diren bermeak

Erabiltzailearen aurpegia Lazarraga Kultur Elkartea 2024ko mar. 17a, 12:00
Ruiz de Bergaratarren jauregiaren areto nagusia. ALEA

Lazarraga Kultur Elkartea oso kezkatuta dago proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren bermeak oraindik ez daudelako adostuta, eta oso arduratuta behin eta berriz ematen ari diren atzerapenen eta oztopoen aurrean.

Lazarraga Kultur Elkarteak kulturgune euskaltzalea martxan jartzeko eskaera bikoitza egin nahi du: alde batetik, proiektuak momentu honetan aurrera egiteko behar dituen bermeak hurrengo asteetan ziurta ditzala eskatzen dio udal gobernuari; eta bestetik, hiriarentzat hain beharrezkoa den proiektu honi azken bultzada emateko konpromisoa har dezatela udalbatza osatzen duten alderdi guztiek, berehalako irekiera bat gauzatu dadin. Aldi berean, Gasteizen euskararen biziberritzean eta normalizazioan aritzen diren eragile, talde eta erakundeen babesa eskertu nahi du, baita egunotan sinadura bilketan parte hartu duten herritarrena eta norbanakoena ere.

"Proiektuak aurrera egiteko behar dituen bermeak hurrengo asteetan ziurta ditzala eskatzen diogu udal gobernuari"

Urte eta erdi pasa da publikoki kulturgunea irekitzeko moduan zegoela adierazi zenetik, eta 2024ko martxoan oraindik ere Izaskun Arrue Kulturguneak ezin izan ditu bere ateak ireki; are gehiago, oraindik ez du irekiera datarik zehaztuta. Egoera honen aurrean, udaleko arduradunek kulturgunea lehenbailehen irekitzeko nahia adierazi dute, eta hori bideratzeko azken ukituak gauzatzen dabiltza. Horretarako, azken egunetan, Lazarraga Elkartearekin sinatu beharreko hitzarmena mahai gainean jarri dute, eta elkartearekin adosteko bidean dago. Horrez gain, elkarteak aurkeztutako 2023ko diru-laguntzaren zuriketa aztertzen ari dira udal teknikariak, eta horren emaitzaren zain dago elkartea, hain zuzen; 2024ko hitzarmenari konfiantzaz hasiera emateko, 2023koa ondo ixtea ezinbestekoa da.

2024ko martxoan, ordea, borondate ona ez da nahikoa. Izan ere, LKEk, egungo egoeran, behin betiko bermeak behar ditu, eta horrela eskatu dio Gasteizko Udalari azken egunetan egin diren bilera eta bestelako harremanetan:

Alde batetik, Izaskun Arrue Kulturgunean garatu nahi den proiektuak ezinbestekoak dituen erantzunak eta aurrerapausoak martxoan bertan bermatuta jasotzea beharrezkoa da elkartearentzat. Proiektuaren jarraikortasuna da jokoan dagoena eta elkarteak kudeaketa lanekin jarraitzeko irtenbideak behar ditu, berandu baino lehen.

"2024ko hitzarmenari konfiantzaz hasiera emateko, 2023koa ondo ixtea ezinbestekoa da"

Eta bestetik, honaino helduta, Lazarraga Kultur Elkarteak oraingoz hutsik dagoen Ruiz de Bergara Jauregia bizitzaz betetzeko konpromisoa hartzeko eskaera luzatzen dio Gasteizko udalbatza osoari. Urteetako lana eta eragile askorekin egindako elkarlana dago honen guztiaren atzean, eta lehentasunezko tratua ezinbestekoa du gaiak, Izaskun Arrue Kulturgunea bere bidea egiten has dadin. Izan ere, hau ez da bakarrik udalaren edo Lazarraga Kultur Elkartearen egitasmo bat; hau hiri proiektua da, Gasteizko herritar guztiona. Eta aspalditik zor zaie gasteiztarrei.

Egoera ez da erraza. Izan ere, azken urteetako etengabeko gorabeherek Lazarraga Kultur Elkartea eta proiektua bera muga-mugako egoerara eraman dute. Proiektuaren jarraikortasuna ez ezik, elkartearen beraren biziraupena ere kezka nagusi bilakatu dira egunerokotasunean elkartekideentzat. Izan ere, ezinbestekoak diren bermeak izan gabe, itsu-itsuan ari da lanean proiektuaren alde, eta bizirik mantentzeko eginahaletan. Eta zentzu horretan, egoera honi luzaroan eustea oso zaila egiten ari da.

"Azken urteetako etengabeko gorabeherek Lazarraga Kultur Elkartea eta proiektua bera muga-mugako egoerara eraman dute"

Bidenabar, kezka hori ez da Lazarragarena bakarrik, Gasteizen euskararen biziberritzean eta normalizazioan ari diren eragile, talde eta erakundeek ere beren ardura eta ezinegona adierazi dute orain dela egun batzuk. Lazarraga elkarteak eskerrona adierazi nahi die elkarte eta eragile hauei guztiei emandako babesagatik. Halaber, eskerrik beroena egunotan martxan jarri den sinadura bilketan parte hartzen dabiltzan herritarrei eta norbanakoei ere.

2012an hasita, bide luzea egin da honaino heltzeko. Orain da momentua egoera hau iraultzeko, eta behar duen babesa emateko. Ez da asko falta, guztion artean lortu behar dugu Gasteizek euskaraz bizitzeko kulturgune bat izan dezala, eta gasteiztarrok euskaraz gozatzeko espazio bat izan dezagula.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide