Iritzia

Gasteizko Mugimendu Feministak ateratako irakurketaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Itaia 2023ko aza. 24a, 20:00
Itaiaren asanblada, azaroaren 30eko mobilizazioari begira. Argazkia: @Itaia_Gasteiz

"Itaiatik greba egunarekin bat egiten dugu eta beharrezkoa ikusten dugu zaintza lanen auziari aurre egiteko kaleak hartzea. Auziari heltzeko, ordea, bide-orri politiko ezberdinak egon daitezke".

"Mahaigaineratzen dugun norabide politikoa guztiok kalitatezko lan eta bizi baldintza berak izatea da"

Greba orokorra deitu da zaintza auziari aterabidea emateko. Itaiatik argi utzi nahi dugu zaintza problematikak emakume langileon zapalkuntza ezaugarritzen duela: batetik, familia giroko zaintza lanak gure gain jausten direlako, eta bestetik, zaintza lan prekarioak guk geuk egiten ditugulako. Beraz, agerian geratzen da borrokatzeko eta mobilizatzeko hamaika arrazoi ditugula. Horregatik guztiagatik, Itaiatik greba egunarekin bat egiten dugu eta beharrezkoa ikusten dugu zaintza lanen auziari aurre egiteko kaleak hartzea.

Auziari heltzeko, ordea, bide-orri politiko ezberdinak egon daitezke, eta greba eguna aldarrikapen horiek guztiak zabaltzeko eguna da. Itaiatik mahaigaineratzen dugun norabide politikoa guztiok kalitatezko lan eta bizi baldintza berak izatea da. Beharrezkoa ikusten baitugu borroka prozesuak norabide horretan kokatzea zaintzaren problematikarekin amaitu ahal izateko. Horregatik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak antolatu ditugu, greba egunean aldarrikapen politiko askatzaileak mahaigaineratzeko eta norabide horretan indarrak batzeko.

"Greba Feminista Orokorreko deitzaileek, aldiz, mobilizatzeko eta greba egiteko eskubidea ukatu nahi digute"

Greba Feminista Orokorreko deitzaileek, aldiz, mobilizatzeko eta greba egiteko eskubidea ukatu nahi digute, Gasteizko Mugimendu Feministaren atzoko irakurketak argi erakusten duen bezala. Jarrera horrek agerian uzten du deitzaileek duten interes partidista: greba egunaren erdigunean ez baitute zaintza lanak egiten ditugun emakumeon problematika jartzen, horri erantzuteko proposamen politikoa baizik. Gainera, etengabe eztabaida politiko oro ukatzen dute.

Horrez gain, besteen lanaz probesten gabiltzala leporatu nahi badigute ere, gezurrak hanka motza du. Guk gure bide-orri propioa dugu, eta, ondorioz, gure jardun propioa egiten dugu. Urte guztian zehar ari gara zaintza sektorean lanean: sektoreko lan baldintzen alde borrokatuz eta bertako langileak antolakuntza politikora batuz. Oraingoan ere horretan gabiltza, ehunka militantek egunerokoan lanean dihardugu greba eguna ahalik eta handiena izan dadin. Hori ukatzeak militante sozialiston lana eta konpromisoa ukatzea dakar.

Greba egunean aldarrikapen politikoak mahaigaineratzeko hainbat ekimen eta mobilizazio antolatu ditugu. Bide horretan, guztiok kalitatezko lan eta bizi baldintza berak eskuratu ditzagun lanean jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala. Eta azaroaren 30ean kaleak hartzeko dei egiten dugu.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide