Iritzia

Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat! A30 grebara!

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Itaia 2023ko aza. 24a, 19:00
Itaiaren horma-irudia Kutxi kaleko sarreran. Argazkia: @Itaia_Gasteiz

"Greba estatu kapitalistatik at eta proposamen orokorrago baten baitan ulertu behar dugu, klaserik gabeko gizarte baten, hau da, sozialismoaren eraikuntzarako bidean, hain zuzen".

"Hamaika arrazoi ditugu mobilizatzeko. Ez, ordea, edozein aldarri ahotan"

Zahartzaroak merkatu berrien sorrera ahalbidetu du, hau da, zilarrezko ekonomia deritzonaren garapena. Negozio aukera berrien beste aldean daude, aldiz, erabiltzaileek jasoko dituzten zerbitzuen kalitatearen jaitsiera eta zaintza langileak gero eta lan baldintza txarragoetan aritzea: ezegonkortasun laborala, ratio altuegiak, pribatizazioa, aitortza sozial falta... Honi aurre egiteko dituzten eskubide politikoak, berriz, mugatuak dira: %100eko zerbitzu minimoak dituzte, eta askok ezin dute greba egitea inolaz ere asumitu. Horrek guztiak agerian uzten du hamaika arrazoi ditugula mobilizatzeko. Ez, ordea, edozein aldarri ahotan.

ITAIAtik Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean mobilizatuko gara. Izan ere, zaintzaren publikotasuna aldarrikatzeak muga batzuk dituela uste dugu. Estatua ez da agente neutral bat, baizik eta kapitalismoaren logika betetzera behartua dago, kapitalismoaren miseria kudeatzeko tresna da, eta beraz, klase boteredunaren interesak defendatzen ditu. Hortaz, zerbitzu bat publikoa izateak ez ditu inondik inora bere kalitatea eta unibertsaltasuna bermatzen.

"Zerbitzu bat publikoa izateak ez ditu inondik inora bere kalitatea eta unibertsaltasuna bermatzen"

Krisi garaian, gainera, eta zaintzaren inguruan interes merkantilistak iraun bitartean, instituzioek zerbitzuak azpikontratatzen dituzte, errentagarriak izan daitezen. Modu horretan, enpresek dirutza irabazten jarraitzen dute, eta instituzioak haien kudeatzaile posizioa mantentzearen konplize bihurtzen dira. Errentagarritasun hori kalitatearen jaitsieraren eta lan baldintzen kaxkartzearen kontura lortzen da.

Zentzu horretan, langileen baldintza politikoak hobetu ahal izateko, bizi baldintzen hobekuntzaren alde lan egiteko eta bide horretan indarrak batzeko ezinbesteko borroka tresna dugu greba, estrategia askatzaile bati erantzuten dien aldarri orok kalea hartuta. Guztiontzako kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatzeak zaintzan hain beharrezkoa den lan banaketa sexualarekin amaitzeko beharra azpimarratzen du.

Horregatik, greba estatu kapitalistatik at kokatu eta proposamen orokorrago baten baitan ulertu behar dugu, klaserik gabeko gizarte baten, hau da, sozialismoaren eraikuntzarako bidean, hain zuzen. Horrek soilik berma dezake lan guztien hierarkizazioarekin amaitu, lan guztien aitortza soziala eman eta guztiok aukera berdinak edukitzea.

Beraz, azaroaren 30ean zaintzaren inguruan dauden interes ekonomikoak borrokatu eta instituzioetatik at antolatzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa baita zaintza lanen ardura dugun emakume langileon bizi eta lan baldintzen zein eskubide politikoak hobetzearen alde lan egitea, eta finean, zaintzak gizartearen ardura izatera pasatzea.

Azaroaren 30ean 13:00etan Andra Mari Zuriaren enparantzan ikusiko dugu elkar. Batu mobilizaziora!

Itaia - Emakumeen Antolakunde Sozialista

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide