Iritzia

Itaiak azaroaren 30ean deitutako mobilizazioaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Mugimendu Feminista 2023ko aza. 24a, 19:30
Etxeko langileak greba feminista orokorra antolatzen. Argazkia: @GasteizkoMF

"Itaiak prozesuan parte hartu gabe greba egunean mobilizazioak deitzea kontraprogramatzea da. Zaintza langileen, pentsionisten, senideen eta bestelako sektoreen aldarriak eta borrokak oztopatzen ari dira".

Euskal Herriko mugimendu feminista 2022tik Denon bizitzak erdigunean prozesu ireki eta publikoan ari da lanean zaintzen problematika agendaren erdigunean jartzeko helburuarekin.

"Zaintzarekin harremana duten sektoreen ikuspuntua eta aldarriak jasotzeari garrantzia eman nahi izan diogu, lehentasunez zaintza langileen aldarriei"

Gasteizen ere 2022ko udazkenean izan genuen lehen asanblada irekia, eta ordutik dinamika honetan lanean gabiltza. 2023ko martxoaren 8an, Euskal Herriko mugimendu feministak Greba Feminista Orokor bateranzko bidea abiaraziko zuela adierazi zuen, eta ekainean borroka egun honetarako data finkatu zen: azaroaren 30a.

Gasteizen, gainontzeko herri eta hirietan bezala, prozesu honetan hainbat eragilek eta sektorek parte hartu dute: etxeko eta zaintzako langileek, erresidentzietako langileek, auzoetan saretu diren bizilagunek, pentsionistek, etxez etxeko zerbitzuko lan­gileek, neska* gazteek, erresidentzietako erabiltzaileen senideek...

Dinamika honetan zaintzarekin harremana duten sektoreen ikuspuntua eta aldarriak jasotzeari garrantzia eman nahi izan diogu, lehentasunez zaintza langileen aldarriei. Zentzu honetan, bada­kigu asko daukagula oraindik egiteko eta jasotzeko, azaroaren 30a mugarria bada ere, ez da helburua bere horretan. Data hori pasa eta gero saretzen eta elkarrekin lanean jarraituko dugu. Izan ere, maila nazionalean aurkeztutako Herri Akordioa, mugimendu feministak herri honetako sektore eta eragile anitzekin elkarlanean egindako prozesuaren emaitza izan da.

Testuinguru honetan, Itaiak, urriaren erdialdean, azaroaren 30erako mobilizazioak deitu zituen Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lemapean. Argitaratutako irakurketan greba eguna aipatzen dute, baina ez dute nola eta nork deitu duen azaltzen. Hau da, ez diote inolako erreferentziarik egiten grebaren deitzaile diren Denon Bizitzak Erdigunean dinamikari eta mugimendu feministari. Greba bezala izendatzen du Itaiak azaroaren 30eko borroka eguna, eta ez deitzaileok izendatutako terminoare­kin. Izan ere, Greba Feminista Orokorra kontzeptua ez da inon ageri.

"Itaiak mugimendu feministak beste era­gile batzuekin batera egindako lana eta sortutako testuingurua baliatu ditu bere izenean eta bere lelopean mobi­lizazioak deitzeko"

Azaldu bezala, prozesu hau eta Greba Feminista Orokorraren data aspaldi dira publikoak. Itaiak mugimendu feministak beste era­gile batzuekin batera egindako lana eta sortutako testuingurua baliatu ditu azaroaren 30ean bere izenean eta bere lelopean mobi­lizazioak deitzeko, eta publikoki behintzat babestu ez duen greba deialdiaz baliatu da horretarako.

Itaiak prozesuan parte hartu gabe greba egunean mobilizazioak deitzea kontraprogramatzea da. Denon Bizitzak Erdigunean dinamikan parte hartu duten zaintza langileen, pentsionisten, senideen eta bestelako sektoreen aldarriak eta borrokak oztopatzen ari dira. Greba Feminista Orokorra prozesu honetan mugarria izanik, egun berean mobilizazioak deitzea prozesuaren beraren aurka egitea dela uste dugu.

Are gehiago, Gasteizen ltaiak 13:00etan deitu du mobilizazioa, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak Deriva (kalejira aldarrikatzailea) deitu duen ordu berean. Ekintza hau etxeko eta zaintzako langileen proposamena izan da; langileek beraiek egingo duten ekintza batekin hasiko da, Euskal Herriko beste hirietako etxeko eta zaintzako langileekin modu koordinatuan antolatu duten ekintza batekin. Itaiaren mobilizazioak zuzenean kontraprogramatzen du Deriva.

Irakurketa honen helburuak Itaiak deitutako mobilizazioaren testuinguruan gure ikuspuntua azaldu eta kontraprogramazioa salatzea dira, besterik ez. Hemendik aurrera ez gara eztabaida publiko antzuetan sartuko. Greba Feminista Orokorrerako gelditzen zaizkigun egunetan, Gasteizko mugimendu feministako kideok, beste eragile eta sektoreetako kideekin batera, lanean jarraituko dugu buru-belarri. Horregatik, azaroaren 30ean Denon Bizitzak Erdigunean dinamikatik antolatu ditugun ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Gasteizko Mugimendu Feminista

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide