Lazarragak bere gain hartu du Izaskun Arrue Kulturgunearen lema

Erredakzioa 2023ko api. 5a, 13:30

Ofiziala da: Lazarraga Kultur Elkarteak hitzarmena sinatu du Gasteizko Udalarekin, eta gutxienez 2023tik 2026ra bitartean kudeatuko du Izaskun Arrue Kulturgunea, euskararentzako arnasgune berria.

Gaur goizean Lazarraga Kultur Elkarteko Lukas Etxeberriak eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Izaskun Arrue Kulturgunearen kudeaketarako hitzarmena sinatu dute udaletxean. 2014tik 2022ra arte, zortzi urtez, Oihaneder Euskararen Etxea kudeatu zuen irabazi-asmorik gabeko elkarteak kudeatuko du Izaskun Arrue Kulturgunea, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bateratuko dituen proiektua.

Martxoaren 28an ezagutu genuen euskararen aldeko elkartea hautatua izan dela Udalak abian jarritako deialdi publikoan, Errementari eta Zapatari kaleen artean, Alde Zaharrean, kokatutako gune berrirako "proiektu onena" aurkeztu duelako.

Urte eta erdiko obrak amaituta, eraikina materialez hornitu eta proiektu kulturala esleitzeko deialdia faltan, 2022ko urrian aurkeztu zuten jendaurrean Ruiz de Bergaratarren Jauregiaren itxura berria.

"Laster" irekiko dituzte Izaskun Arrue Kulturgunearen ateak, momentuz data ofizialik iragarri ez duten arren. Ofiziala dena, ordea, beste data bat da: akordioaren arabera, momentuz, Lazarragak 2026ko abenduaren 31ra arte garatuko du euskarazko hedapen, sustapen, sorkuntza eta aisialdi proiektu kulturala. Gainera, ekipamenduaren erabilerarekin eta ustiapenarekin lotutako lagapena jasoko du elkarteak.

Kudeaketaren esleipenarekin eta espazioaren lagapenarekin batera, udal gobernuak Lazarraga Elkartearentzako diru-laguntza izenduna aktibatzea onartu du, kulturgunean antolatutako egitaraua aurrera eraman ahal izateko: guztira, 292.950 euroko zuzkidura bideratuko du Udalak plan operatibo horretara.

Ekipamendu berriaren irekiera data "laster" jakinaraziko dute, baita diseinatutako programa ere. Baina, momentuz, zer dakigu Izaskun Arrue Kulturguneari buruz?

Izaskun Arrue Kulturgunearen aurkezpena, 2022ko urrian.

 

Nolakoa izango da Izaskun Arrue Kulturgunea?

Ruiz de Bergara jauregia berritzeko 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Zikotz SA enpresak egin ditu lanak. Horri esker, egituran, isolamenduan eta beste egokitzapen batzuetan esku hartu da, eraikina Izaskun Arrue Kulturgunea hartzeko prest uzteko.

Kultur azpiegitura berriak bi sarrera eta lau solairu izango ditu:

  • Beheko solairurako (213 metro koadro) sarbidea Errementari kaletik izango da. Sarreratik gertu funtzio anitzeko aretoa izango da, eta bertan, erakusketak hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izango dira. Proiekzioetarako eta interpretaziorako kabina teknikoak ere egokitu dira, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere.
  • Lehen solairuan (349 metro koadro guztira), batez ere, Izaskun Arrue Kulturguneko espazio eszeniko nagusia egongo da. Zapatari kaletik edo Errementari kaletik izango du sarbidea. Zapatari kaleko atetik sartzean, ostalaritzako gune bat eta sukaldea aurkituko ditugu, eta, aurrera joanez gero, Gasteiz Antzokiaren areto nagusia topatuko dugu: 130 metro koadroko espazioa, bi solairukoa, askotariko ikuskizunak, kontzertuak edota antzerkia hartzeko balioko duena, eta zutik zein eserita ikusteko emanaldiak eskainiko dituena.
  • Bigarren solairuan (243 metro koadro) lantegiak, komunak eta lanerako beste gune batzuk izango dira. Solairu berean, Errementari kalera ematen duen eremuan, berriz, erabilera anitzeko gunea egongo da. Gune hori, aldi berean, balkoi gisa erabili ahal izango da Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunetan; espazio horretan, jatorrizko adreiluz egindako sei arku ikusgarri daude.
  • Hirugarren solairua (292 metro koadro) da kulturguneko leku argitsuena, eta beste lan eremu bat izango da. Bertan, kristalarekin estalitako bilera aretoak, lantegi bat eta instalazio gela bat topatuko ditugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide