Iñigo San Millan, Arabako Errioxako Mahats-bilketaren Jaiaren pregoilaria

Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 13:30
Iñigo San Millan, aurtengo pregoilaria. Argazkia: Arabako Errioxako Kuadrilla

Gasteiztarra UAE txirrindulari taldeko errendimendu zuzendaria da gaur egun, eta minbiziari eta diabetesari buruzko ikertzaile medikoa Coloradoko Unibertsitatean. Irailaren 17an Navaridasen eskainiko du Mahats-bilketaren Jaiaren pregoia.

Irailaren 17an, igandean, Navaridasen ospatuko da Arabako Errioxako 28. Mahats-bilketaren Jaia, Navaridas ardoa da lelopean eta Andrea Martinez de la Piscina Rosado bertako artistak diseinatutako iruditegiarekin. Arabako Errioxako Kuadrillak gaur jakitera eman duenez, aurtengo pregoilaria Iñigo San Millan Castrillon gasteiztarra izango da.

San Millan ezaguna da Arabiar Emirerri Batuetako UAE txirrindulari taldearen errendimendu zuzendari gisa egindako lanagatik, eta urtearen zati handi batean zehar Tadej Pogacar esloveniarraren alboan izateagatik. Halaber, ikerketa lan handia egin du minbiziaren eta diabetesaren arloetan Coloradoko Unibertsitatean; 16 urte daramatza bertan.

"Festa honetan pregoilari lanak egiten dituzten pertsonek ezagutza herrikoiaren profila izan ohi dute. Kasu honetan, Iñigo San Millanek ikerketa zientifikoaren alde egindako lanari erreparatu nahi izan dugu, Arabako Errioxarekin lotura handia izateaz gain", nabarmendu du Mikel Fernandez Navaridasko alkateak.

Pregoilariaren bigarren abizena Guardiari lotuta dago. Izan ere, urtero herri horretan igarotzen ditu oporrak uztailean, familiarekin, eta Arabako Errioxa Tourrarekin uztartuz. Aurten, Frantziako Tourraren lehen bi etapak gertutik jarraitzen aritu zen. "Harriduraz eta emozio handiz" hartu du pregoilari izateko proposamena.

"Oso lotuta nago Arabako Errioxako herriekin, eta nire familiarentzat ere albiste atsegina izan da", adierazi du protagonistak. Real Madril taldeko beheko kategorietan egin zituen bere lehen urratsak kirolean, baina Vital Kutxako afizionatu mailako taldean ere aritu zen txirrindularitzan. AEBetara Kirol Medikuntza ikastera joan zenean, bizikleta atzean utzi behar izan zuen. Fisiologia arloko doktoregoa EHUn egin zuen, eta, ondoren, Coloradora itzuli zen. Han, ikerketa taldearekin bat egin zuen.

UAE taldeko jabeek duela urte batzuk proposatu zioten talde horretako txirrindularien prestakuntzaren zati baten ardura hartzea proposatu zioten, bereziki Pogacarrena, Coloradoko ikerketetan inbertitzearen truke. Proba bakoitzaren ondoren txirrindularientzako arrabola ezartzeagatik da ezaguna, besteak beste. Bilbon amaitu zen etapan, Pogacarren zain zegoen podium gunearen atzeko arrabolan.

2022ko Mahats-bilketaren Jaia Lantziegon ospatu zuten, eta Pou anaiek egin zituzten pregoilari lanak. Urtez urte aldatzen doa jaialdi ibiltariaren herri anfitrioia, eta aurten Navaridasek hartuko du lekukoa. Berriz ere, datozen hilabeteetan irits daitezkeen nobedadeetatik harago, Arabako Mahastiak sor-markaren inguruko eztabaidak markatuko du hitzordua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide