Aurrera doaz Mantible zubia berreskuratzeko lanak

Erredakzioa 2021ko urr. 27a, 13:30
Urtarrilean, Mantibleko zubiaren arkua suntsitu zuen Ebro ibaiaren ur goraldiak. / AFA

2021ean 33.000 euroko inbertsioa egin du Aldundiak, urte hasieran Logroñoko Udalarekin adostutako jarduketak gauzatzeko. Mantible zubiaren Arabako aldeko esku hartzea martxa onean doa.

Urtarrilean, Mantibleko zubiaren arkua suntsitu zuen Ebroren ur goraldiak. Otsaila hasieran, Aldundia eta Logroñoko alkatea bildu ziren zubiaren etorkizuna aztertzeko; besteak beste, koordinazio mahaia sortzea erabaki zuten, kontserbazioari, ikusgarritasunari eta ondare multzoaren erabilgarritasunari heltzeko.

Mahai horretan hartutako konpromisoak gauzatzera bideratutako lanak erritmo onean gauzatzen ari direla jakinarazi du Aldundiak. 2021ean zehar, guztira 32.963,77 euro inbertitu ditu Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, aurreikusitako proiektuak aurrera eramaten hasteko.

Hiru proiektu

Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak bi konpromiso zehatz hartu zituen.

Lehenik eta behin, Mantibleko zubiaren Arabako aldean beharrezkoak diren esku hartzeak gauzatzeko proiektua idaztea: Vault Zafra SLPk idatzi eta irailean entregatu du Assako Mantible zubiaren egitura sendotzeko proiektua, 17.605,50 euroko aurrekontuarekin. Azterlan horretan, gauzatze proiektuan egituraren analisia egin da —patologien analisia, analisi geometrikoa eta tentsioen analisia, besteak beste—, eta arkitekturaren arloan zein zaharberritze jarduketa egin behar diren zehaztu da. Kultura eta Kirol Saila horiek aztertzen ari da une honetan.

Bigarrenik, hirigintza, kultura eta ingurumen baldintza guztiak zehatz-mehatz zeintzuk diren jakiteko, babes eremua zehaztu, ingurunea aztertu eta kultura ondasuna babesteko eremua mugatzeko proiektua idatzi du Atalaya Territorio SLk, Mantibleko zubia babesteko eremua mugatzeko azterlanean; 2.420 euroko aurrekontua izan du horretarako.

Bestalde, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak 12.938,27 euroko inbertsioa egin du zubiaren azterketa arkeologikoa egiteko, Qark Arqueología SL enpresaren bitartez. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimen guztiak jaso dituzte, eta berriki hasi dira lanak. Behin betiko emaitzak oraindik zehaztu gabe dauden arren, dagoeneko agertzen ari dira kontserbatu gabeko zubiaren bitarteko euskarrien oinarriak —"pilak"—. Azaldu dutenez, oinplano pentagonala edo laukizuzena dute, eta alde labur zorrotz bat —korrontearen kontra orientatuta, urarekiko oposizioa txikiagoa izan dadin—.

 

Ondarea

Mantibleko zubia Kultura Intereseko Ondasun gisa eta monumentu nazional gisa katalogatuta dago 1983tik. Lanak erromatar jatorrikoak izan daitezkeela uste da, II. mendekoak, beste historialari batzuek XI. mendekoak izan daitezkeela dioten arren.

Azken ikerketen arabera, zubia harlanduzko harriarekin eraiki zen, erdi-puntuko arkuekin; 164 metroko luzera, bost metroko zabalera eta, gehienez, 30 metroko altuerarekin. Gaur egun, estribua eta lehen zein hirugarren arkuak baino ez ziren kontserbatzen, laugarren, bosgarren eta seigarren arkuen oinarriez gain.

Kontserbatutako arkuetako bakoitza udalerri batekoa da, Assa (Lantziego — Araba) eta Cortijo (Errioxa) herrien arteko mugan baitago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide