Laudiok ez du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia errekurrituko

Erredakzioa 2024ko urt. 12a, 13:00
Azken epaiaren aurkako elkarretaratze bat. Argazkia: Laudioko Udala

Epaiari helegiterik ez jartzea erabaki du Laudioko Udalak, "euskararen aurkako jurisprudentzia sortzeko bidea erraztu" dezakeela iritzita. Une honetan udal plantillan sortutako egoera nola konpondu aztertzen ari da.

2023ko abenduan, hizkuntz eskakizuna ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen Laudioko Udaleko langile baten aldeko epaia berretsi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Ia bi urte lehenago, epaile batek euskara "zaila" dela argudiatu zuen eskakizun hori saihesteko, ALEAk argitara atera zuenez; Laudioko Udalak helegitea jarri zuen.

Azken epai horren ostean, "hizkuntza eskubideen aurkako eraso berria" salatu zuten Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, euskararen normalizazioaren aurkako "oldarraldiaren" kontrako dinamika zabalaren barruan.

Hala ere, ostiral honetan jakitera eman duenez, Laudio Udaleko gobernu taldeak erabaki du ez duela helegiterik jarriko EAEko Auzitegi Nagusiak bere lanposturako hizkuntz profila ez betetzeagatik kaleratu zuen langilea berriro hartzeko emandako epaiaren aurka.

"Argudio materialak egonda ere, goreneko baldintzek ez dute epaiaren edukiaren kontra egiteko biderik bermatzen, aitzitik, euskararen aurkako jurisprudentzia sortzeko bidea erraztu dezakete", arrazoitu du Udalak, ohar batean. "Hori horrela, udala jorratutako bidean berresten da, eta horretarako ezinbestekoa da herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten politikak bideratzea eta beharrezkoa duten marko juridiko segurua eskaintzea".

"Egungo egoera bestelakoa" dela deitoratu du Ainize Gastaka alkateak (EH Bildu): "Euskara eta euskal hiztunen hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi judiziala agerikoa da, Laudioko Udalaren kasuan Gasteizko epaileak emandako argudioek erakutsi bezala. Udalak lanean jarraituko du herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, helburu hori erdiestea ahalbidetuko duten ekimenak indartuz".

Bitartean, epaia aplikatzeko bideari dagokionez, udala "plantillan sortutako egoerari nola aurre egin" aztertzen ari da une honetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide